Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat landuko dute. Jon Abrilek, berriz, emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du.
Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtero antolatzen duten Tene Mujika Bekak. Aurtengoan proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu direla nabarmendu dute eta horien guztien artean saria bi lani “ex-aequo” ematea erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak. Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu ordez bikoizteko erabakia hartu du: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat.
Erika Lagoma (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez (Lesaka, 1975) eskuz esku arituko dira amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituzten elkarrizketa-sorta bat ontzeko. Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta “superwoman”-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak mahaigaineratuko dituzte: “askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia”, diote. Horien ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak.
Emakumeen lanbideei buruzko ikerketa
Jon Abril kazetari eta kultur dinamizatzaileak bere aldetik, emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du, Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian” proiektuaren bidez. Lehendik ere Nafarroatik Lapurdira neskame joaten ziren neskatxen historiaz aritu izan da Abril, eta orain, hari horretatik eta beste askotatik tiraka, antzeko istorio gehiago osatu nahi ditu, elkarrizketa sakonen eta beste iturri batzuen bidez, guztira hamaika lanbide erakusteko gure geografia osoan barna ibiliko da: meatzariak Gallartan, galletagileak Bilbon, kontserbagileak Ondarroan eta Lodosan, metalurgiakoak Gasteizen, ehungintzakoak Bergaran, zigarrogileak Donostian, portuko langileak Pasaian, paper-fabrikakoak Atarrabian, neskameak Lapurdiko kostan, Seaskako lehenengo irakasleak Iparraldean, espartingileak Zuberoan…
Irabazleek urtebeteko epea izango dute nork bere lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian