Maiatzaren 9an izango da aurtengo Herri Urrats festa.
Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak aurtengo Herri Urrats aurkeztu du gaur goizean. Maiatzaren 9an izango da, eta Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearen bosgarren kolegioa eraikitzeko helburuari erantzungo dio. Koronabirusaren krisiak dena baldintzatzen duen garai hauetan, gogoeta luzea izan dute ikastolen festa ospatzeko moduari begira, eta aukera ezberdinak aztertu ondotik, bere horretan atxikitzea erabaki dute, maiatzeko bigarren igandean, “Herri Urrats data bat da, toki bat da; ohitura bat da”, adierazi dute. Oraindik ez dakite zer forma hartuko duen, baina zehaztu dute “inoren osasuna arriskuan ezarri gabe” eta baimendua izango denaren neurrian, ospakizuna atxikiko dutela. Festak izan ohi duen helburu ekonomikoari erantzuteko, Boga diru biltze kanpaina abiatu dute gaurdanik eta 300.000 euro lortu nahi dituzte gutxienez.
Boga izango da, hain zuzen, aurtengo Herri Urratsen leloa, arraunean bezala, Seaskarekin batera, euskaldun guztiei arraun egiteko deia egin nahi izan diote, elkarlanean eta indarrak bilduz. Izan ere, helburu handiak dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolek, eta jendearen babesa behar dute.
Lau kolegio ditu gaur egun Seaskak. Iazko udaberrian bukatu zituzten Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa berritzeko lanak, 2013an handitu zuten Kanboko Xalbador kolegio historikoa, eta 2017an ireki zuten Estitxu Robles Arangiz kolegioa Baionan. Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa da laugarrena. 300 ikaslerentzat pentsatua da, baina 329 ditu gaur egun, eta ondoko urteetan handitzen joango dela aurreikusten dute. Toki berean ezin denez handitu, bosgarren kolegio bat behar dute. Bi eremutan ari dira proiektua lantzen: Azkaine eta Senpere inguruan, eta Lapurdi barnealdean, Hazparneko eskualdean.
Boga.herriurrats.eus/ helbidean, bosgarren kolegioaren eraikuntza zati bat babesteko aukera izango du hala nahi duenak: teilak, ateak, leioak, berogailuak, igogailua… 20 eta 2.000 euro arteko ekarpena egiteko aukera dagoela jakinarazi du Seaskak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian