Urtarrileko eguraldi txarrak eta mugikortasun murrizketek nabarmen murriztu dute bisita kopurua, gainera oinezkoen sarbideak egun itxita jarraitzen du.
Albaola Faktoriaren webgunearen bidez jakinarazi dute itxiera bertako kideek. Izan ere, iazko ekainaren 12an, pandemiaren egoera hobetu zenean, “Albaolak bere ateak zabaldu zituen berriro, eta bisitariak gerturatzen hasi ziren. Nahiz eta Faktoriara iristeko oinezkoen bidea 2020ko martxotik itxita jarraitu, bertaratzeko jarritako itsasontziaren doako zerbitzuak udako plan erakargarria bilakatu zuen, eta abenduko zubira arte bisitariak ekarri ditu ontziola-museora”.
Baina, Faktoriako kideek azaldu dutenez, urtarrileko eguraldi txarrak eta mugikortasun murrizketek nabarmen murriztu dute bisita kopurua; honi gaineratu behar zaio oinezkoen sarbideak egun itxita jarraitzen duela. Testuinguru honekin, Albaolako taldeak Pasai San Pedroko kultur ekipamendu hau ixteko erabakia hartu behar izan du; “oinezkoen sarbideak eta pandemiaren egoerak proiektua zabalik mantentzeko bisitari fluxu minimo bat ahalbidetu arte behintzat”.
Nabarmendu dutenez, gainera, “bisitariek Albaolaren dirusarreren %40a baino gehiago suposatzen dute, beraz, egoera egunez egun zailtzen ari da”. Halaber, babesletza pribatuari dagokionez 2021 urtea oso ongi hasi dela azpimarratu dute. “Azkeneko hilabete honetan, entitate askok proiektuari babesa eman nahi izan diote, batzuek babesa berrituz besteek proiektua lehen aldiz lagunduta. Hauei esker, museoa itxita egon arren ontzigintza eskola zabalik mantendu ahal izango da, eskolako belaunaldi berriei formakuntza ematen jarraitzeko”.
Dena den, “gogor jarraituko dugu lanean, Faktoriako ateak ahalik eta lasterren berriz zabaltzeko”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian