Deialdia zabalik da jada maiatzaren 12ra arte. Hil horren 27an egingo dute sari banaketa. Aurtengo gaia Nekazaritzatik bizi nahi dugu izango da.
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa orain dela hamar urte, eta errotutako lehiaketa honek urtez urte gaia aldatu du, aurtengoa: Nekazaritzatik bizi nahi dugu!. Hala, “aurtengo spotak gazteak animatu beharko ditu familia-nekazaritzatik bizitzera”, adierazi dute antolatzaileek. Helburua gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan behar dela zehaztu dute. “Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizarte jasangarritasunari ematen dion guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko”.
Parte hartu nahi dutenek gehienez 30 segunduko ikus-entzunezkoa sortu beharko dute, formatu librean, hau da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango da: modu horizontalean zein bertikalean.
Lanak aurkezteko epea maiatzaren 12an amaituko da, eta hainbat sari egongo dira (spotik onena, publikoarena, musika sinkronizazio onena eta gazteen saria, besteak beste), guztira 2.800 euro banatuko dituzte. Sari nagusiaren irabazlearentzat 1.000 euro izango dira. Sariak emateko ekitaldia maiatzaren 27an egingo dute. Parte hartzeko hemen eman beharko da izena.
Honako hauek dira lehiaketaren babesle eta antolatzaileak: HAZI, Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi Ikastola, Bai Euskarari eta Music Library.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian