Oraindik ez dakite udalekuak egin ahal izango diren, baina lanak aurreratzen hasi dira Bertsozalekoak. Martxoaren 1ean hasiko da hezitzaileen izen-ematea; haurrena, berriz, ez dute oraindik abiatuko.
Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, “egoeraren bilakaerak erakutsiko digu aurten Bertso Udalekuak egingo ditugun ala ez”. Maiatzaren hasieran hartuko dute erabakia, une horretan indarrean egongo diren neurri eta legeak aintzat hartuta. Edonola ere, udalekuek aurrelan handia eskatzen dutela diote, aintzat hartu beharreko ezohiko neurriak ere gehituko zaizkie aurten, eta ondorioz, prestaketa lanetan hasiak dira.
Haurren izen-ematea ez dute oraindik abiatuko, udalekuak egingo direla ziur jakin arte; maiatzean izango da hori, eta orduan abiatuko lukete haurren izen-ematea. Hezitzaileenari ekingo diote, ordea. “Martxoaren 1ean hasiko dugu hezitzaileen izen-ematea, 10:00etan; www.bertsozale.eus atarian izango den izen-emate orria bete beharko da horretarako”. Hezitzaileek begirale, zuzendari, sukaldari ala praktiketako begirale gisa eman ahal izango dute izena, ondoen egokitzen zaien udalekuetako txanda ere aukeratuta. Martxoaren 14an amaituko da epea, eta apirilaren hasieran emango zaie beren izen-ematearen egoeraren berri.
Apirilean lantaldearen osaketaren berri emanda, maiatzaren hasieran jakinaraziko zaie hezitzaileei udalekuak egingo ote dituzten ala ez, eta maiatzaren 22an izango litzateke prestaketa saio edo egun-pasa.
Zortzi txandako udalekuak
Bost txanda egin ohi dituzte, baina aurtengoan lagun eta egun kopuru gutxiagoko egonaldiak antolatu dituzte; horregatik, zortzi txanda dira. Sopelan eta Zuhatzan txanda bana egingo lukete, eta Orion, Uitzin eta Amaiurren, bina. Guztiak bost egunekoak dira eta uztailean izango lirateke. Txanden inguruko informazio gehiago, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian