40 urte hauetan Nafarroako liburuzainek izandako esperientzia jasotzen du argitalpenak. Nafarroako Liburutegi publikoaren 150. urteurrenarekin eta Liburutegi Sarearen 70. urteurrenarekin bat eginez argitaratu da lana.
Liburutegi publikoa lehen planoan: liburuzainekin elkarrizketak liburua kaleratu du Nafarroako Gobernuak. Honetan, langileen ibilbideari errepasoa egiten zaio, 70eko hamarkadaren amaieratik aurrera.
Jesus Arana eta Clara Flamarique Liburutegi Zerbitzuko teknikariek prestatu eta transkribatu dituzte elkarrizketak, eta protagonistak Sagrario Leoz, Juana Mª Fernandez de Manzanos, Jose Luis Huarte, Juana Iturralde, Carmen Ros, Delia Zuñiga, Maria Angeles Colomo y Menchu Garcia Escribano dira.
Argitalpena Nafarroako Liburutegiaren 150. urteurrenarekin eta Liburutegi Sarearen 70. urteurrenarekin bat eginez plazaratu da, eta oroitzapen profesionalak, bizipenak eta esperientzia pertsonalak biltzen ditu.
“Aldaketa nabarmenak izan dituen belaunaldi baten oroitzapenak dira, bai ekipamenduetan, bai liburutegietako bertako lan baldintzetan, zerbitzuetan, funtzioetan edota ordutegietan”, eta, argitalpenaren sarreran adierazten den bezala, “erabakigarriak izan dira gaur egun liburutegia herritarrek hain ondo baloratzen duten zerbitzua izan dadin”.
Erakusketa ibiltaria
Liburuaren aurkezpena ere bat dator Liburu eremua, eremu librea erakusketaren amaierarekin, izan ere, azarotik Nafarroako Liburutegian egon da ikusgai. Hemendik aurrera hainbat herritan ikusi ahal izango da erakusketa, aurreneko geltokia Altsasuko Liburutegian izango da, apirilaren 23ra arte, handik San Adrianera egingo du jauzia.
Egoitza bakoitzean, Marisa Serranok eta Ines Bengoak eskolako bisitak egingo dituzte, eta Editargi Nafarroako Editore Independenteen Elkartearekin elkarlanean egindako Liburu bat egingo dut haurrentzako tailerra ere izango da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian