Lanak oihal, paper eta ehun birziklatuen gainean tenple- eta olio-pinturaz eginak dira, eta narrastien mundua dute gai, zehazki, Arabako udalerrietako edozein bazterretan bizi diren musker eta sugandilak. Erakusketa maiatzaren 2ra arte egongo da ikusgai.
Formatu askotariko 30 margolanek osatzen dute Juan Sagastizabal margolariak (Eibar, 1952) Gasteizko Atarian aurkeztu duen Zergatik ditut gogoko sugandilak? erakusketa. Obra hauek prozedura tekniko tradizionalez eta estilo espresionistaz sortu ditu. Lanak oihal, paper eta ehun birziklatuen gainean tenple- eta olio-pinturaz eginak dira, eta narrastien mundua dute gai, zehazki, Arabako udalerrietako edozein bazterretan bizi diren musker eta sugandilak. “Erakusketak eduki estetiko eta sinbolikoz betetzen ditu lurraldearen fauna eta landaretza, landareak eta intsektu txikiak, eta Arabako ingurunearen naturak atxikitako argitasuna”.
Egilea autodidakta da, eta eskala txikiko mundu bat eratzen jolasten da: horretan, sugandilak, igelak, matxinsaltoak, sorgin-orratzak, tximeletak, erlastarrak eta abar dira protagonistak, eta, haiekin batera, landare-ingurunea nabarmentzen da. Sagastizabalen hitzetan, erakusketa “biziaren adierazpen eta ospakizuna da. Naturaren koktela da; koadroek zelaiaren usaina dute, baso hezearena, larrearena… Erakusketak hotza edo beroa sentiarazi nahi du, nabariarazi nola jotzen duen haize finak… Soinu-memento bat, baina zaratarik gabea, isiltasuna entzuteko aukera ere ematen duena”.
Erakusketa maiatzaren 2ra arte egongo da ikusgai Gasteizko Atarian, asteartetik igandera bitartean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian