(Egilea: . Elkarrizketa Anbotoren webgunetik hartu dugu Creative Commons lizentziari esker)
Idazle iurretarra bere gertukoak eta etxekoak bisitatzera etorri da.
41 urteko erbestealdiaren ondoren, Joseba Sarrionandia Iurretara bueltatu da. Diskrezioz bueltatu gura zuen, hedabideetan eta halakoetan agertu barik. Baina albistea bolo-bolo zabaldu da eta ANBOTOgaz batu da. Sare sozialen eta mugikorren sasoian, ‘Sarri’ oharkabean pasatzea ezinezkoa da, maskara ipinita izan arren. Idazle iurretarra bere sorlekura itzuli da. Gertu eta urrun ibili da beti, bere sorterria nekez uzten baitu sustraiak han dituenak.
Inoiz imajinatuko zenuen itzulera zelakoa izango zen. Zelakoa izan da?
Ba, bidaia normala, hegazkinean, Loiuko aireportura. Madriletik Bilbora alboko aulkian andra bat Hola irakurtzen, denak nasobukoagaz.
Imajinatzen zenuen modukoa izan da?
Pandemia egoera hau ez dut uste inork imajina zezakeenik orain urte bi. Egoera hori oso arraroa da mundu guztiarentzat. Bestela, oso ondo, familia eta lagunak ikusi eta gustura.
Zer aurkitu duzu hemen?
Herri diferentea, plano baten bila nabil (barrez). Jendea ere oso diferentea, ikusten denez, baina ezin dut esplikazio berezirik eman, gauza ezezagunak dira niretzat.
Hedabideen gaiak zalantzak sortu dizkizu? Zelan kudeatu edo?
Nik literatura idatzi izan dut gela txoko batean, nahi nuke jendeak leitzea eta zeozelango debateren batean parte hartzea konpartitzen dugun lenguajeari eta munduari buruz. Medioak beste gauza batzuetarako daude, botere harremanak ziurtatzeko edo espektakulu batzuk elikatzeko. Literatura kritikoak ez du zeregin handirik hedabideen indarraren eta logikaren kontra.
Zure figura misterioz inguratuta egon da beti. Mito bat batzuentzat. Zuk hori zelan bizi izan duzu?
Ezagutzen dudan pertsonarik normalena naiz. Besteak dira apur bat arraroak, ez?
Pandemia egoera honetan, ekitaldi herrikoiaz libratu zara. Iurretako dantzarien emanaldi bat, plaza bete jende eta horrelakoak.
Eskerrak!
Hainbeste urte pasatu eta gero, zeozeren edo norbaiten falta igarri duzu?
Aita ez dut aurkitu, orain urte batzuk hil zen, hogeita hamapiku urtetan ikusi barik. Jende asko falta da, familiakoak, nire lagun batzuk heroinaren sasoian desagertu ziren, beste batzuk istriputan edo gaixorik. Denoi pasatzen zaigu. Denborak pertsona asko jaten du. Apur bat arraroa da sobrebibiente sentsazio hau.
Zer leku bisitatu dituzu? Ibaizabaleko ur uherrak hor jarraitzen du?
Goiuria, Garaizar, Barrenkale, Artekale, Goienkale eta beste batzuk. Nire abesti horregaz ez dakit zer pasatuko den, zubietako barandatik behera begiratuta, ura garbia ikusten da. Ahateak ere ikusten dira ur bazterrean. Orain berrogei urteko errekako ura ondo uherra izaten zen, fabrika askotako herdoil eta aparrekin. Baina, ideia da sorlekuko ibaiko ura zainetan eramaten dugula, zikina zein garbia izan.
Iurreta desanexionatu batera bueltatu zara.
Iurreta Durango zen sasoikoa naiz. Ez nuen Ertzaintza ezagutzen, ETB ere ez dut sekula zuzenean ikusi, harrituta nago hainbeste errotondagaz… Oso diferentea da dena. Antzina ehun urtean aldatzen ziren gauzak, gure belaunaldian hamar urtean. Eta ea ikusten dugun datorrena, munduko bizimodua abiadura handian doa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian