Gasteiztarrak Caguers de poesie izeneko erakusketa aurkeztu du hiriko musikarekin lotura handia duen lokal batean: Old Tower Stuff binilo-dendan. Erakusketa uztailaren 1era arte bisitatu ahal izango da.
“Cahier: (fr) Koadernoa, plegua. Caguer: (fr) Ocultacion”, horrela definitzen du Igor Agirre (Gasteiz, 1973) artistak bere Caguers de poesie izeneko erakusketa, izan ere, arabarrak Gasteizko hainbat kontzertu aretotako komunak arte bihurtu ditu. “Pandemiako une historiko honetan, kultura itota dagoela eta bizirauteko borrokan, espazio horietako komunak birsortu nahi izan ditut. Zer ez da gertatu leku horietan?”, galdetzen dio artistak bere buruari.
Erreserbatua edota closet izenak dira espazio horiei eman dizkieenetako batzuk, normalean areto nagusiaren hondoan daude eta artistak aipatzen duen bezala, “mota guztietako gauza sekretuak eta pribatuak gertatzen dira horietan, euren hormetan erregistroak ere ezkutatzen dituzte. Poesia, bertsoa, lirika, pintada soilak… adierazpen libre batera irekitako espazio txikiak dira”, azpimarratu du.
“Haitzuloek margoak ezkutatzen zituzten eta tenpluetako gelek elementu sakratuak gordetzen zituzten bezala, gure kultura garaikidean gure piktogramak ezkutatzen dituzten Sancta Sanctorum kontzertu-espazioetako bazterrak dira. Gure hiriko leku magikoak: Orbain, Candela, Helldorado, Urban Rock, Gaztetxea, Herre, Parral, Dazz, Iguana, Errekaleor edota Jimmy Jazz akuarela bihurtuta.
Orotara hamabost akuarela jasotzen ditu erakusketak, hiriko taberna eta aretoetako hamabost komunetakoak, kontzertuak edo zuzeneko musika-jarduerak programatzen dituzten espazioetakoak. Agirrek azaldu duenez, erakusketa garai hauetan egindako gogoeta bat da gogoratzeko, islatzeko eta baita usaintzeko ere.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian