Hiru berrikuntzarekin dator aurtengo edizioa: Maddi Zubeldiak eskainiko duen Iturri zaharreko ipuina haurrentzako ikuskizuna, Zirriborroka bertsolaritza eta komikigintza uztartuko dituen saio berezia, eta Agustin Alkhat eta Julien Labat musikarien kontzertua.
Argia aldizkariak eta Baltsan elkarteak Ziburuko 2. Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu dute elkarlanean, ekainaren 12rako, larunbata. 2019an egin zuten lehen edizioa eta bigarrena iaz egitekoa bazen ere, pandemiaren eraginez, bertan behera geratu zen. “Gure ustez oso garrantzitsua da euskara deskonfinatzea eta berriz ere kalera ateratzea”, adierazi du Estitxu Eizagirre Argiako kazetariak. Ladix Lanouguere Arrosagaray Baltsan elkarteko kideak, bere aldetik, Lapurdiko kostaldean euskaldun asko izan arren, euskara erabiltzeko aukera gutxi dagoela adierazi du.
Antolatzaileen arabera, Irun eta Baiona artean ez da euskarazko argitalpenei zuzendutako liburu dendarik, eta horri erantzun xume bat eman nahi dio ekimenak, “erdararen basamortuan oasi bat eskainiz”. Hala, egun batez, euskarazko sorkuntza nagusi bilakatuko dute Ziburun, 22 argitaletxeren lanak erakutsita, aurreko edizioan baino 5 gehiago.
Azokari zabalkunde handiagoa emateko asmoz, bestalde, hiru partaide berri izango dira aurtengo edizioan: Euskal Irratiak, Euskal Kultur Erakundea eta Ziburuko udaletxea.
2019ko edizioan berrikuntzak gehitzen joango zirela iragarri zuten antolatzaileek, bi urteren ondoren, hiru berrikuntzarekin dator aurtengo edizioa: Iturri zaharreko ipuina haurrentzako ikuskizuna Maddi zubeldiaren eskutik, Zirriborroka bertsolaritza eta komikigintza uztartuko dituen inprobisazio saio berezia, Adur Larreak Mikel Antzaren gidoiarekin osatu duen Burgosko auzia: iraultza eta bizi! liburu ilustratuaren aurkezpena eta Agustin Alkhat eta Julien Labat musikariek eskainiko duten Hutsaren hatsa diskoaren aurkezpen kontzertua.
Azoka goizeko 10etatik 20:00etara egongo da zabalik eta herriko plazan eta Iturri zaharreko plaza txikian egingo dituzte ekintzak.
Euskarazko liburuak eta diskoak ezagutzeko aukera polita dela diote antolatzaileek, “idazleekin hitz egiteko, jendearekin elkartu eta euskarazko produkzioaz gozatzeko”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian