18 eta 30 urte bitarteko bertsolari gazteek hartuko dute parte Jon Lopategiren omenez egingo den ekimenean. Ekainaren 6an, igandea, izango da lehen kanporaketa Muxikan.
Lilibertso taldeak Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketaren lehen edizioa aurkeztu du Gernika-Lumoko Maria Agirre aretoan. Azken boladan mimo handiz prestatzen aritu diren proiektua dela adierazi dute.
Jon Lopategiren omenez antolatu dute ekimena. Izan ere, hiru urte dira bertsolari bizkaitarra zendu zela. “Gure eskualdean bertsolari gisa eredu nabarmena izateaz gain, Euskal Herriko bertsolaritzaren transmisioan zutarri garrantzitsu bat izan zen”, azaldu dute. Ikastolen Elkarteko proiektuaren hastapenetan parte hartu zuen eta bertsolaritza ikastetxeetara hurbildu zuen, hainbat gazte oholtzara bultzatuz. “Bere uztako izen esanguratsu bi Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariak dira edo gerora beste kultur esparru batzuk esploratu dituzten Ander Lipus, Leire Bilbao eta abar. Eskoletan bertso zaletasuna elikatu eta sariketa zein txapelketetara eramaten zituen bertsolari gazteak. Horretan erreferente izanik, omenaldi ederra begitandu zaigu gazte sariketa bat antolatzea bere omenez”.
Argi Baltza sariketa ekainaren 6an, igandea, abiatuko da Muxikako Gorozikako frontoian. Bertan, Paule Loizaga, Asier Alcedo, Enare Muniategi eta Beñat Bilbao bertsolariek parte hartuko dute.
Ekainaren 13an, berriz, Gautegiz Arteagako frontoian Imanol Uria, Mikel Retolaza, Maite Sarasola, Leire Vargas, Ander Anakabe eta Nagore Beitia ariko dira lehian. Ekainaren 20an azken kanporaketa izango da Ajangizko Mendietako frontoian. Garazi Navarro, Koldo Gezuraga, Txaber Altube, Iruri Altzerreka, Ander Urcelay eta Koldo Muñiz bertsolariak izango dira bertan. Hiru kanporaketa hauen ostean, Bermeoko Artza frontoian izango da finala, ekainaren 27an.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian