Erakusketak uztailaren 3an zabalduko ditu ateak eta irailaren 4ra arte bisitatu ahal izango da.
Udaren etorrerarekin batera Donostiako Ekain Arte Lanak galeriak Erakusketa kolektiboa zabalduko du uztailaren 3an: alde batetik, erakusketa aretoan, Juan Txillidak (Donostia, 1956) sortutako paper-lanak egongo dira ikusgai; bestetik, artista gonbidatuaren espazioan, Oaia Perurenaren (Bera, 1972) olioak ikusteko beta egongo da.
Txillidak erakusketa kolektibo honetara ekarriko dituen arte lanak paper gainean sortu ditu, azken urte honetan. Teknika desberdinak erabili ditu, hala nola, tintak, koloreetako arkatzak, akuarelak, eta abar. Galeriako kideek azaldu dutenez, “bilduma berri hau harrigarria egiten zaigu, kolorez eta konposizio ezezagunez beteta baitago”.
Donostiarrak ibilbide luzea du egina. Artisten familia batean jaioa, betidanik izan du sormenarentzako sentsibilitate fina. “Bere inspirazio iturriak izar-multzoak edo unibertsoaren konstelazioak izan dira ia beti”. Artistak berak azaldu duenez, “mendira joaten naizenean izarrak begiratzea gustukoa dut eta askotan izarren konstelazioak argi-kutsaduratik kanpo ikusi izan ditut. Artean, gai hau betidanik izan da iraunkorra”.
Oaia Peruarena artista nafarra bere aldetik, autodidakta dela diote erakusketa honen antolatzaileek. “Koadroak margotzerakoan inpresionismoan eta abstrakzioan murgiltzen da”, adierazi dute.
Bere egunerokotasunean bizi duena islatzen du obretan, besteak beste, argia- eta iluntasunaren sentsibilitatea baliatuz. Erakusketa honetara, hainbat formatutako margolanak ekarriko ditu.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian