Jazza eta zinema uztartzen dituen ziklo honetan zazpi film proiektatuko dira uztailaren 2tik 31ra bitartean.
Iazko etenaldiaren ostean, bueltan da Euskadiko Filmategiak antolatzen duen Jazzinema zikloa. Udarekin bat eginez, Euskal Herriko hirietako batzuetan jazz jaialdiak antolatzen dira eta ziklo honen bitartez, zinemaren eta jazzaren arteko harremanaz gozatzeko aukera ematen duten filmez bete nahi dira hiri horietako pantailak ere. Bosgarren edizio honetako saioak Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan egingo dira.
Ekimena 2016an sortu zen eta oraindik ere, orduan finkatu ziren hiru ardatzak mantentzen ditu: “soinu-bandan jazz doinuak dituen zinema, jazzaren izen handiak protagonista dituen zinema eta jazzak eragindako narratiba duen zinema”. Programatutako film askok dute hiru ardatz horietako bakoitzeko ezaugarriren bat, eta, halaber, artista askok agertzen dute bi diziplina artistikoak elkartzeko zaletasuna.
Aurten, zazpi film eskainiko dira eta lehenen aldiz, zinemagintza italiarreko piezak ikusi ahal izango dira zikloan: Mario Monicelliren Rufufú (1958) eta Giorgio Gasliniren soinu-banda duen La notte (1961). Paul Newman aktoreak ere programazioaren zati bat hartuko du, Louis Armstrongen garaiko musika-giroan kokatutako Paris Blues filmari esker.
Bestalde, Alexander Mackendrick eta Basil Deardden zinemagile britainiarrek zinema eta jazza uztartuz, sortutako film garrantzitsu bana ere ikusi ahal izango dira: Arrakastaren usain gozoa (1957) eta Gau osoan zehar (1962).
Edizio honetan ere, jazzak lotura estua izango du zinema beltzarekin. Jean-Pierre Melville zuzendariak Le Cercle rouge (1970) filmerako musika egitea proposatu zion Eric Demarsani, jazzari buruz hitz egin zion, harrapatuta egoteko sentimendua transmititzeaz eta patuaren ideiaz. Eta halaxe egin zuen Demarsanek.
Amaitzeko, Jazzinemaren arau idatzi gabe bat hautsi behar duela iragarri du antolakuntzak: “berriro emango dugu 2017an programatutako film bat, martxoan joan zitzaigun Bertrand Tavernier maisuaren omenez. 2019ko irailean Euskadiko Filmategia bisitatu zuenean, txundituta utzi gintuen, beste behin ere, bere jakinduriarekin eta transmisioarekiko agertzen zuen grinarekin. Biak maite zituen, jazza eta zinema, eta, aurten, beste modu batean gozatuko dugu bere Round Midnight (1986) filma”.
Egitaraua ikusteko eta sarrerak eskuratzeko, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian