Karena euskarazko eleberriarekin eraman du saria Agirrek. Vargasek, berriz, Dena ametsa den irudipena euskarazko olerkiarekin.
Joan den larunbatean eman zituzten ezagutzera aurtengo Irun Hiria Kutxa Literatura Sarien irabazleak: Alaine Agirre Garmendia idazle bermeotarrak Karena euskarazko eleberriarekin eraman du saria eta Leire Vargas Nieto durangarrak Dena ametsa den irudipena euskarazko olerkiarekin.
Gaztelaniazko eleberrigintzan, berriz, David Monthielek jaso du saria, Historia provincial de la infamia eleberriarekin eta olerkigintzan Pablo Luque Pinillak Greenwich lanarekin.
Eleberrigintzari dagokionez, 25.000 euro jaso dituzte irabazleek eta poesiagintzan 15.000.
44. edizio honetan, orotara 1.675 lan aurkeztu dira, antolatzaileen esanetan, “inoizko parte hartzerik handiena”; 2019ko edizioarekin alderatuta, eta kopuru osoari dagokionez, 1.103 lan gehiago izan dira, aurreko edizioan baino %193 gehiago.
Eleberri modalitatean, gaztelaniaz, gehikuntza %230koa izan da, 677 lan gehiago, eta euskaraz %25koa, 5 lan gehiago. Olerkian, gaztelaniaz, gehikuntza %169koa izan da, 404 lan gehiago, eta euskaraz %90koa, 17 lan gehiago.
Lanen jatorriari dagokionez, Madrilgo autonomia erkidegoak aurkeztu du kopuru handiena, guztien % 14, eta jarraian, oso gertutik, EAEko eta Andaluziako lanak daude, %9rekin bakoitza.
Sari-emate ekitaldian Antonio Colinasi egin nahi izan diote omenaldia “bere literatura ibilbideagatik eta azken 50 urteetan epaimahai gisa egindako lanagatik”. 1970 urtean Irun Hiria Poesiako Saria jaso zuen Colinasek, Sari hauen lehen edizioan, eta harrezkero, Kutxa Irun Hiria Literatur Sariei lotuta egon da.
Antolakuntzak, halaber, aipamen berezia egin nahi izan die epaimahakideei “kalitate eta ospeagatik”. “Sarien historian izan dugun epaimahairik onenetariko bat izan da, zalantzarik gabe”:
Euskarazko eleberria: Felipe Juaristi Galdos, Jon Martin Etxebeste, Joxe Mari Iturralde Uria, Arantza Urretabizkaia Bejarano eta Jon Kortazar Uriarte. Euskarazko olerkia: Lourdes Otaegi Imaz, Iñaki Aldekoa Beitia eta Itxaro Borda Xarriton. Gaztelaniazko eleberria: Fernando Marias Amondo, Luisa Etxenike Urbistondo, Manuel Vilas, Patricia Esteban Erles eta Jon Bilbao Lopategui. Gaztelaniazko olerkia: Manuel Rico Rego, Antonio Colinas eta Raquel Lanseros.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian