Zinemaldiak konpromisoa hartu du emakumeek zuzenduriko filmen partaidetza zaintzeko eta hainbat alorretan areagotzeko.
Donostiako Zinemaldiak eta (H)emen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzendutako elkarteak lan-jardunaldian parte hartu dute Tabakaleran. Zinemaldiko eta (H)emen elkarteko ordezkariek ez ezik, Ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldea osatzen duten kolektiboek ere parte hartu dute saioan: AAMMA (Ikus-entzunezkoetako Emakumeen Andaluziako Elkartea), AMMA (Ikus-entzunezkoetako Emakumeen Murtziako Elkartea), DONA I CINEMA (Valentziako Emakumeen Elkartea), DONES VISUALS (Ikus-entzunezkoetako eta Zinemagintzako Emakumeen Kataluniako Elkartea) eta MIA (Animazio Industriako Emakumeen Elkartea), baita CIMA ere (Ikus-entzunezko eta Zinemagintzako Emakumeen Elkartea). Tramak (Emakumeek eginiko Erakustaldi, Zinema Jaialdi, Bideo eta Multimedia Lanen Koordinakundea) ere parte hartu du.
Topaketa horren xedea izan da genero-berdintasunarekin lotutako auzien gaineko hausnarketa eta eztabaida piztea eta gai horien inguruko akordioak lortzea. Ildo horretan, Zinemaldiak konpromisoa hartu du emakumeek zuzenduriko filmen partaidetza zaintzeko eta hainbat alorretan areagotzeko, hala nola, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, Nest, Ikusmira Berriak egoitza-programa eta New Directors saila –azken horretan, zinemagileen lehen eta bigarren lanak biltzen dira–. Hitzartutakoaren bitartez, emakume profesionalen presentzia bermatu nahi da zinema-industriaren lehen urratsetan. Era berean, adostu dute genero-identifikazioko txostena areagotzea eta kategoria berriak biltzea 2022an, eta, horretaz gain, konpromiso berriak eta haien betetze-maila ere kontuan hartuko dira datozen edizioetan. Zinemaldiaren zuzendaritzak konpromisoa hartu du, era berean, kode etiko bat eztabaidatzeko datozen hilabeteetan, ohore-sariekin loturik.
Adostu da, orobat, elkarrizketa jarraitua eta loteslea izatea elkarteekin, Pentsamendu eta Eztabaida alorraren barruan gai jakin batzuk jorratzeko, hala nola berdintasuna eta aniztasuna biltzea eta apurka-apurka eta elkarrekin aurrera egitea. Zinemaldia eta elkarteak hiru hiletik behin elkartuko dira urte osoan zehar.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian