Urriaren 18ra arte bisitatu ahal izango dira, Amarica aretoan, Ataria zentroan eta Zabalgana Gizarte Etxean, besteak beste.
Arabaclick, Argazkigintza eta Mugikorren hirugarren topaketak bost erakusketa irekiko ditu bihartik aurrera. “Arabaclick argazkigintza ekitaldi herrikoia da, herritar guztiei irekitako hainbat jardueraz osatua. Gaur egun, gailu mugikor bat eta dagozkion aplikazioak dituen edozein pertsonak sormen gaitasun handia gara dezake. Ikuspuntuak amaigabeak dira. Argazkia bat-batekoa izatea da helburua, eta une jakin bat erakustea gure lurraldeko edozein lekutan, irudiak ikuslea liluratu dezan”, azaldu du antolakuntzak.
Uztaila eta abuztua bitartean, gai desberdinetako 796 argazki jaso ziren, 227 egilerenak. Horien artean, 90 egileren 228 argazki hautatu dira, bost gaitan multzokatuta, eta beste horrenbeste gunetan erakutsiko dira. Gasteizko Vital Fundazioa erakusketa-zentroak Hiri argazkigintza zuri-beltzean atalean jasotakoak izango ditu ikusgai; Amarica Aretoak Hiri argazkigintza koloretan; Zabalgana Gizarte Etxeak Hiri paisaiak; Ataria zentroak Natura; Judimendi Gizarte Etxeak Argazki segidak. Erakusketa guztiak zabalik egongo dira urriaren 18ra arte, Zabalganako erakusketa izan ezik, urriaren 14ra arte bisitatu ahal izango baita.
Antolatzaileen arabera, edizio honetan, “aniztasunean irabazi da”, izan ere, “sei unitatetara mugatu da egile bakoitzak bidali ahal izan duen argazki kopurua”.
Argazkiak Gasteizko FotoGasteiz Argazkilarien Elkarteak sailkatu, baloratu, egokitu eta antolatu ditu erakusketarako. “Argazkiak hautatzeko, funtsean, irudiaren eta sormenaren kalitatearen konbinazioa baloratu da, eta gaiak eta erakusketa-gela kontuan hartuta sailkatu eta ordenatu dira”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian