Egileak 40ko eta 60ko hamarkaden artean Bilbon izandako etxola-auzoen fenomenoa aztertu, garai hartako biztanleen testigantzak jaso eta bizi izan zuten egoera latza deskribatu du.
Iñigo Lopez historialariak Bilboko etxola batean (Ekar) izeneko liburua argitaratu du Tene Mujika bekaren laguntzarekin. Lana ontzeko Bilbon, XX. mendearen erdialdean izandako txabolismoa aztertu, garai hartako biztanleen testigantzak jaso eta bizi izan zuten egoera latza deskribatu du.
1950etik aurrera hazkunde ekonomiko handia gertatu zen Bilbo aldean eta baita beste zenbait inguru industrialetan ere. Aldi berean, Estatu espainiarreko hainbat zonatan, milaka gazte bere lurra uzteko eta migratzeko prest zeuden, etorkizun hobe baten bila. Hortaz, Extremadura, Galizia edo Gaztelako landa-lurretatik samaldaka iritsi ziren gizon-emakumeak, baina garaiko agintariek ez zituzten azpiegiturak abiada berean prestatu, eta etxebizitzen gabeziari aurre egiteko, migratzaile haiek etxolak eraiki behar izan zituzten bizitzeko.
“Eraikuntzako oholekin eta handik edo hemendik eskuratutako materialekin, gau batean nola edo hala altxatutako etxebizitza ziztrinak ziren gehienbat, ez argirik, ez urik, ez inongo erosotasunik ez zutenak. Eta hala eraiki ziren auzo osoak, ez baimenik ez zerbitzurik gabe, hiria inguratzen zuten mendi magaletan batez ere, baina baita hiri erdian ere, Ingelesen Zelaian adibidez, egungo Guggenheim museoa altxatzen den lekuan”, azaldu du egileak.
Lopezek adierazi duenez, “hamarkada bat baino gehiago iraun zuen fenomenoa izan zen, milaka gizon-emakume bizi izan ziren etxola prekario horietan, baina horren oroigarri publikorik ez dago inon, gertaera hark lotsaz gorrituko bagintu bezala”. Egileak historialariaren zehaztasunaz, baina hiritarraren kontzientzia kritikoaz heldu dio gaiari.
Iñigo Lopez Simon 1984an jaio zen, Basaurin. Historian doktorea da; hiri marjinalitateari eta gazte delinkuentziari buruzko tesi bat egin zuen, eta Bilboko Otxarkoaga auzoko txabolismoaz ere idatzi izan du. Hauxe izango du arlo akademikotik kanpo argitaratzen duen lehenbiziko lana.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian