Mulixka dantza taldea eta Iñaki Perurena harri-jasotzailearen proposamenarekin jarri zen martxan Olarizuko etxaldearen ondoko topagune berria.
Natura, poesia eta dantza tradizionala uztartzen dituen Harria ikuskizunarekin ireki ditu ateak Olarizuko Antzoki Berdeak. Duela gutxi amaitu dira Olarizuko etxaldearen ondoko harmaila berdea eraberritzeko lanak. Olarizuko ingurune hori EAEko Botanikoa bihurtzeko aurreikusitako proiektuetako bat da.
“Olarizu birdimentsionatu eta Eraztun Berdeko harribitxia bihurtu nahi dugu, edukiz eta erakargarriz betez bi alorretan: aisialdia eta zabalkundea. Aisialdi-lekua da Olarizu, eta erromeriak egiten dira bertan. Gainera, Gasteizko Mendietara eta natura intereseko beste leku batzuetara joateko bidea da“, adierazi du Gasteizko Udalak.
Antzoki berdeaz gain, honakoak ere izango dira: aintziraren gaineko pasabidea (duela hilabete batzuk jarri zen), informazio-bulegoa (parkera iristen direnei ongi etorria emateko), sarrerako hizkiak, argiztapen hobea, udal mintegiaren lekualdatzea (bisitatu egin ahalko da), landare erabilgarrien lorategia. Horretaz gain, labirinto begetala eta tirolinen eta jolas naturalizatuen eremua ere aurreikusita daude proiektuan.
Antzoki berdea Olarizuko etxaldearen ondoko lurzati batean eraiki da. Etxalderaino doan bidea du mugakide lursail horrek ekialdean; hegoaldean eta mendebaldean, berriz, Mendiolara doan bide batek inguratzen du.
Eserleku jarraitu bat eta harmailak egoteaz gain, jendea belarrean eseri eta etzan ahal izango da. Indusketa eta betelanak egin dira antzokia eraikitzeko, eta 1.600 metro kubiko lur mugitu dira horretarako. Agertokiak Olarizu hiribidetik datorren bidetik du sarbidea.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian