Azokak larunbatean, arratsadeko 16:00etan irekiko ditu ateak eta sortzaileen lanak bertan izango dira ikusgai gaueko 21.30ak arte.
Dinagu emakume sortzaileen kolektiboak Nomadak Gaitun azoka ibiltaria antolatu du urriaren 16an, larunbata, Gernikako Astran. Bertan, hainbat alorretako hogei emakume sortzailek jarritako postuak izango dira; “ilustrazio, moda, bitxigintza, zeramika eta beste osagarri batzuk hurbiletik ikusi eta ezagutzeko aukera izango dugu”, aurreratu du antolakuntzak. “Ekimenak proiektu pertsonalak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileei bultzada eman nahi die ahalduntzea eta elkarlana ardatz hartuz”.
Azokak Gernika du bigarren geltokia, aurretik Azpeitin ere izan zen, uztailaren 18an. “Hara eta hona, han eta hemen, nomada gisa ibiltzen gara askotan sortzaileok, eta halaxe dabil Nomadak Gaitun azoka ibiltaria ere. Euskal Herriko txoko ezberdinetan bertako emakume sortzaileon azokak antolatzen ari gara, erakusleiho, sare, eta elkargune berezi bihurtuz, gure arteko konplizitatean, eta sortzaile kontsumitzaile arteko harreman goxoan oinarrituta”.
Azokak arratsaldeko 16:00etan irekiko ditu ateak larunbatean eta sortzaileen lanak bertan izango dira ikusgai gaueko 21.30ak arte. Antolatzaileek sare sozialetan zehaztu dutenez, “azokak iraun bitartean, Gernika inguruko emakume ekoizleen produktuekin jaki gozoak dastatu eta produkturen bat edo beste erosteko aukera ere egongo da, eta behin azoka bukatuta, Nebbian taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian