Xabier Solano trikitilariak, Kimua dantza taldearekin batera, eta Skakeitan talde donostiarrak osatuko dute aurtengo euskal ordezkaritza.
Urtebeteko etenaldiaren ondoren, Galdakaok Musika Bizian, estaturik gabeko herrialdeen jaialdiaren zazpigarren edizioa, hartuko du.
Oraingoan, Iturriondo plazako eszenatokian, azaroaren 5ean eta 6an izango da jaialdia, eta bost musika-talde arituko dira, horietako bi euskaldunak, eta gainerakoak Sizilia, Kurdistan eta Faroe uharteetatik etorritakoak.
Xabier Solano musikariak irekiko du euskal partaidetza, horretarako Lizartzako Kimua Dantza Kolektiboa izango du lagun. Trikitilari hernaniarraz gain, Skakeitan talde donostiarra ere ikusi ahal izango dugu taula gainean.
Kanpoko ordezkaritza oso latitude desberdinetako musikarien esku egongo da: I Beddi, Siziliako musika tradizionala berreskuratzeko asmoarekin 2005ean jaiotako seikotea; Adir Jan, Berlingo Kreuzberg auzoan jaiotako kurdua, bere musika queer poesia, folk, rock psikodeliko eta mistizismo sufiaren arteko nahasketa gisa deskribatu da; Danny Baldursson, Faroe uharteetako abeslari eta gitarra jotzailea, 2016. eta 2018. urteetan mila kontzertu eman zituen Danimarkan, Islandian, Groenlandian eta Alemanian, eta 2019an Song Writing Award saria irabazi zuen, Holy abestiarengatik.
Ohi bezala, kontzertuen aurretik, kale animazioa izango da herriko taldeen eskutik, Taberna ibiltariak eta Beti Jai txarangak giroa berotuko dute emanaldiak hasi baino ordubete lehenagotik. Horretaz gain, larunbatean luthierren azoka tradizionala izango da; bertan erabiltzen dituzten musika-tresnak eta haiek sortzeko artisau-teknikak ikusi ahal izango dira.
Antolatzaileen arabera, Musika Bizian kultur eskaintza berezi gisa finkatu da: “Estaturik gabeko herrialdeetako musikari eskainitako jaialdi bakarra da, eta dagoeneko Europatik, Ameriketatik eta Afrikatik etorritako hogeita hamar talde inguruk hartu dute parte”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian