Rozalen musikariarekin abesten du Salvadorrek abesti honetan.
Olatz Salvador musikariak Aho Uhal (Airaka) diskoko Ahots Hari izeneko kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu. Hitzak Alaia Martin bertsolariak idatzi zituen, 2020ko martxoan, konfinamendua oraindik zer izango zen jakin gabe. Salvadorrek kanta sortu, Pablo Novoa ekoizleak aberastu eta Rozalen abeslariak goraino eraman du kanta hau.
“Ahots Hari hauskortasunari oihu bat da, iluntasunetik argira, esnatzera, mugitzera, sortzera garamatzan grina berreskuratzeko trantzea. Txikitasunetik hasi eta hazten doan hura, barneraino abiatzeko bidaia hori”, azaldu du Salvadorrek.
Bideoklipari dagokionez, Singrima Films Madrilgo ikus-entzunezko ekoiztetxeak sortu du eta bi musikarien irudiak basoko istorio batekin uztartzen ditu, bilaketa, zalantza, beldur eta barne indar horren isla direnak.
Aho Uhal diskoa
Salvadorrek urte hasieran kaleratu zuen Aho uhal izeneko lana eta azaldu zuenez, diskoaren sortze prozesua luzea izan zen, “diskoa bera ere luzea da eta badakit garai hauetan disko luzeak egitea ez dela egokia”, baina musikariak nabarmendu zuenez, diskoaren barruan abesti bakoitzak zentzu bat dauka, “askotan abesti gehiegi izatean aukeraketa bat egitea izaten da ohikoena, baina kasu honetan bakoitzak bere espazioa betetzen zuela iruditu zait”.
Ez da erreza disko bati izena jartzea, Salvadorrek hiztegian topatu zuen gaztelaniazko rienda hitzaren baliokidea euskaraz: Aho uhal. “Paradoxikoa iruditu zitzaidan nola gaztelaniaz kontrola hartu edo zerbait gidatzeko konnotazioa daukan hitzak, euskarara itzulita, kontrolatua izatearen konnotazioa hartzen duen, gustatu zitzaidan eta abiapuntu interesgarri bat iruditu zitzaidan abestietan zehar horrekin jolasteko”.
Salvadorrek berak konposatu ditu lanak biltzen dituen abesti guztiak diskoari amaiera ematen diona izan ezik: Ivan Ferreiroren Promesas que no valen nada, Salvadorrek nerabezaroan askotan entzuten zuen kanta da eta musikari galiziarrarekin batera moldatzeko aukera izan du oraingoan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian