Okendo Kultur Etxean bisitatu ahal izango da 2022ko urtarrilaren 29ra arte.
Literaktum letren jaialdiaren baitan antolatu da Artea komikigintzan izeneko erakusketa, Donostiako Okendo Kultur Etxean. Honek 200 obra baino gehiago biltzen ditu, horien artean daude artista gipuzkoarren bi obra: Angel Alonsoren obra bat, Pieter Brueghelen Babelgo dorrea lanean oinarrituta eta Iñaki Holgado eta Harkaitz Canoren Museo Bilduma komikiaren orrialde bat.
Erakusketa honetarako 70 ilustratzaile eta komikilariek mundu mailako margolaritzako obra handien bertsioak egin dituzte. Aurkezpenean adierazi dutenez, “jakina da pop artearen margolari handiek lotura handia dutela komikiaren ikonografiarekin, baina kontrako bidea ez da hainbeste aztertu, eta ezusteko handiak gordetzen ditu. Erakusketak islatzen du nola inspiratzen den bederatzigarren artea deritzona margolari handien maisulanetan, eta nola omentzen dituen bineta eta ilustrazioetan”.
Bestalde, “komikilariek sortutako obra handien ikuspuntuek begirada bakarra eta desberdina ematen dute artearen historiaren inguruan. Eta era oso desberdinean egiten dute: batzuetan, marrazkilariak ahalik eta modu fidagarrienean birsortzen ditu pinturak”, azaldu dute. Beste batzuetan, berriz, “koadro baten konposizioa imitatzen du, eta bere sorkuntzako pertsonaiekin ordezkatzen ditu figurak. Badira aipamen estilistikoak ere: margolari jakin baten margotzeko teknika eta bere kolore bereizgarriaren eta argiaren erabilera kopiatzen dira”. Azkenik, “pieza batzuetan, pinturaren ikonografia eta esanahia oinarri hartuta, komikilariak errealitate garaikidearen alderdiren bati buruz hausnartzen du, eta, hala, agerian uzten du artearen historiako maisulanak margotu ziren unean bezain bizirik daudela gaur egun ere”.
Azken urteetan, arte-zentroen eta komikiaren arteko harremana indartu egin da. Parisko Louvre museoak, esaterako, 2005ean komiki bilduma bat sortu zuen, museoa eta bere funtsak historiaren protagonistatzat zituena.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian