Alvarezek urte guztia izango du proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxearekin kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du.
Mikel Alvarez Sarriegik irabazi du Ondarroako Udalak Elkar argitaletxearekin batera, urtero antolatzen duen Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Guztira, 20 proiektu aurkeztu dira lehiaketara eta Alvarezek aurkeztutako proiektua saritzea erabaki du Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak.
Euskalia du behin-behineko izenburua idazlearen proiektuak. Azaldu duenez, “zientzia-fikziozko lan bat da, nobela beltzaren ukitua ere baduena, umorez gainezka egiten duena eta keinu ugari egiten dituena: politikari, zinemari, komikiari…”.
Argumentuaren abiapuntua: “aurkikuntza harrigarri batzuei esker, euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu dira, eta Euskalia deitu diote Galaxiarteko Erresuma horri. Pixkanaka, auzo herrietakoek euskaldunen kolonizazioaren biktima bihurtuz joan dira, baina denak ez daude pozik, hala nola kultura espainiarraren berreskurapenaren alde ari diren Izar eta Ugutz…”
Idazleak urte guztia izango du proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxearekin kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du. Iazko saria Lander Garrok irabazi zuen eta beka hartatik sortu da aurkeztu berri duen Faith izeneko eleberria.
Mikel Alvarez Sarriegi 1982an jaio zen Beasainen. Soziologian lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ikus-entzunezkoetan Mondragon Unibertsitatean. Goierri Irrati-Telebistan lan egin izan du hainbat urtez kazetari gisa eta bestelako jardueretan, eta gaur egun Bira Produkzioak-en dabil, ikus-entzunezkoak sortzen. Altsasu telesaileko gidoilarietako bat izan da, eta Katihotsak elkarteko kide gisa haien filmetan ere parte hartu du.
Saria abenduaren 3an emango diote Alvarezi, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian