Proposamenak otsailaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira. Sari banaketa ekitaldia, berriz, maiatzaren 17an izango da Barakaldoko BECen.
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) Musika Bulegoa Sariak ekimenaren VI. edizioa jarri du martxan. Euskal musikagintzako eragileek euren proiektu proposamenak aurkezteko fasea gaurtik 2022ko otsailaren 10era arte egongo da zabalik. Aurtengo sari banaketa ekitaldia datorren maiatzaren 17an izango da Barakaldoko BECen.
Antolatzaileen esanetan, “seigarren edizioaren helburu garrantzitsuenetako batzuk dira euskal musikaren sektoreari balioa ematea, artisten sorkuntza-lanak sustatzea, haien lanak ezagutaraztea eta bultzada eta erakusleiho izatea. Azken finean, Musika Bulegoak bultzatutako ekimenaren helburua Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren kalitatea aintzatestea da, eta baita euskal musikarien eta musikaren sektoreko eragileen jarduera ere”.
Gainera, nabarmendu dutenez, “aintzatespen horietan ez dagoe inolako kategorizaziorik. Hau da, kontua ez da sarituen artean ranking bat ezartzea. Alderantziz. Helburua da egindako lanak baloratzea eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmentzea”.
Adituek (musikariak, kazetariak, musika-programatzaileak, hezkuntzaren eta kulturaren arloan lan egiten duten hainbat lagun ere…) osatutako epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako proposamenak, eta hamar sarituetatik zortzi aukeratuko ditu. Gainera, aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza-batzordeak sari berezi bat emango dio Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntza, sentsibilizazio edo hedapenaren alorretan proiektu nabarmena gauzatzeagatik.
Etxepare Euskal Institutuak beste sari bat emango du. Kasu horretan, artista edo talde batek euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana aitortu nahi da.
Hautagaitzen aurkezpena
Euskal Herriko musikaren sektorean lan egiten duen edozein agentek aurkeztu dezake MBS 2022rako hautagaitza. Horretarako, izena emateko epearen barruan egin beharko du: abenduaren 15etik 2022ko otsailaren 10era. Gainera, Musika Bulegoko bazkideek eta EHMBEko zuzendaritza batzordeko kideek hiru hautagaitza aurkeztu ahal izango dituzte.
Euskaraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dute, sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak ere aurkez daitezkeen arren, betiere edozein euskal musikarik interpretatzen baditu, musika-generoa edozein dela ere. Hori bai, lanak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean aurkeztuta egon beharko dira jendaurrean.
Oinarriak, hemen.
Proposamenak aurkezteko bete beharreko formularioa, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian