Irati Jimenez, Mikel Soto eta Esteban Montorio izan dira Deabruaren Eskolaren izenean donazioa egin dutenak eta ondoan izan dituzte Harkaitz Cano eta Jon Alonso.
Deabruaren Eskola Kultur Elkarteak 2021. urtearen hasieran abiatu zuen euskarara ekarritako Julio Cortazarren testuak edo bere lanek inspiratuta euskaraz idatzitako eta argitaratutako lanak biltzeko kanpaina, Madrileko Juan March Fundazioan dagoen Julio Cortazar liburutegia osatzeko helburuarekin.
Liburutegi horretan daude Cortazarrek gaztetatik ondoan izan zituen liburu asko, idazle argentinarrak Buenos Airesetik ekarritakoak, Parisko liburu-dendetan erositakoak, eta horiekin batera Octavio Paz, Pablo Neruda, Jose Lezama Lima edo Carlos Fuentes moduko lagunek Cortazarri oparitutakoak eta eskainitakoak.
Izan ere, Aurora Bernardezek, Cortazarren alargunak, 1993an eman zizkion fundazioari lan gehienak, baina ordutik hona hainbat lan jaso ditu fundazioak donazioen bidez. Momentu honetan online kontsultatu daitekeen katalogoak 3.786 liburu ditu, 26 hizkuntzatan; horietatik 855ek Cortazarren sinadura dute, 515 liburu egile eta lagunek eskainiak dira, 48 liburuk markatzaileak eta “traspapelak” gordetzen dituzte, 397k oharrak dituzte eta beste 17 objektu bereziak dira.
Deabruaren Eskola
Joan den abenduaren 9an, Deabruaren Eskolak March Fundazioaren esku utzi zituen azken hilabeteotan bildutako lanak, Julio Cortazarrek euskal literaturan izan duen eragina erakusteaz gain, Cortazarri zor zaion mirespena aitortzen dutenak; itzulpenak, artikuluak lan akademikoak, saiakerak eta narratibaren arlokoak, euskal egileen artean bildutakoak eta egileek beraiek Cortazarri eskainitakoak.
Irati Jimenezek ekimenaren helburua azaldu zien bertaratutako lagunei eta eramandako euskal liburuetan Cortazarren eragina azaldu zuen, “idatzizko ahozkotasun berri bat zor dio gaztelaniak, iraultzaile izan zen, malgutasuna ekarri zuen, torlojuak kendu zizkion literaturari eta bide bat erakutsi zion baita euskal literaturari ere, eta horrenbeste torloju askatu beharrean gauden euskaldunoi”.
Cortazarri idatzitako gutuna irakurri zuen gero Harkaitz Canok, behin baino gehiagotan bertaratutakoen barreak eragin zituena. Madrilerako trenean, eskuz idatzitako zerrenda baten bidez, Cortazarren literaturarekin zorra aitortu zuen Canok, eta Cortazarren estiloan egin zion omen, beste ezeren aurretik “zerrendak egitearen plazera” eskertuz.
Jon Alonsok, berriz, March Fundazioko liburutegiko aleetan egindako eskaintzetatik abiatuz, Cortazarren eraginari buruz hitz egin zuen, bere eta beste hainbeste euskal idazle eta itzultzaileen izenean esker ona adieraziz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian