LAIDA ikerketa taldeak koordinatu du lana eta komikien hizkuntza, ekoizpena, banaketa metodoak, ikerketa eremuak eta munduan zehar garatu diren tradizioak eta generoak aztertzen ditu.
Komikiak aztertzeko gida bat komiki forma duen liburua da eta komikien azterketarekin lotutako hastapen eta alderdi nagusiak jasotzen ditu. Lana Bizkaia Aretoan aurkeztu dute eta besteak beste, komikien hizkuntza, ekoizpena, banaketa metodoak, ikerketa eremuak eta munduan zehar garatu diren tradizioak eta generoak aztertzen ditu.
Formatu hori, baina, ez da berria, Josean Morlesin proiektuaren koordinatzaileak nabarmendu duenez, “azken urteotan ikerketa-lan ugari egin dira komiki moduan, eta ez datoz soilik espazio artistikotik. Komikia, orain, ikerketa-eremua da, baina baita komunikazio-eremua ere”.
LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa-taldearen koordinaziopean, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du komikia euskaraz. Jatorriz ingelesez argitaratu zuen Oxfordeko Unibertsitateko TORCH Ikerketa Zentroko (The Oxford Research Centre in the Humanities) Oxford Comics Network ikerketa-sareak.
Gida honen egileak Enrique del Rey Cabero (Alcalako Unibertsitateko Juan de la Cierva doktoretza ondoko ikertzailea eta GILCO Literatura Garaikideko Ikerketa Taldeko kidea), Michael Goodrum (Canterbury Christ Church Unibertsitateko Historia Modernoko irakaslea) eta Josean Morlesin (Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa taldearen kidea) dira. Del Rey eta Goodrum gidoiaz arduratu dira eta Morlesinek marrazkiak egin ditu.
Irakasleak gidaren funtzioa nabarmendu du, “gidak oinarrizko hainbat alderdi teoriko erakusten ditu, gehienentzat ezezagunak direnak, eta ikasgelan garatzen ditugu praktikaren bidez. Komikiaren diziplinari esker, kasu honetan teoria bera den ideia bat modu grafikoan komunikatu daiteke”.
Liburua esparru akademikoko publikoari zuzenduta dago, komikien ikerketan hasteko interesa duten ikasleei zein irakasleei, baina interesgarria izan daiteke, oro har, esparru horri buruz gehiago jakin nahi dutenentzat. Euskarazko edizioak Alvaro Rabellik (idazle, ikertzaile eta komiki gidoilaria) eta Jose Carlos Torrek (komikigile, ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea) idatzitako hitzaurrea du. Gidaren bukaeran, Nick Sousanis San Francisco State Universityko irakasleari egindako elkarrizketa dago. Doktore tesia komiki formatuan egin zuen eta 2015ean argitaratu zuen Harvardeko Unibertsitateak, Unflattening izenburupean.
Argitalpen digitala doan eskura daiteke EHUren webgunean. Paperezko edizioa, berriz, liburu-dendetan eros daiteke.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian