Miren Agur Meabe eta Joseba Sarrionandia idazleek eta Ines Osinaga musikariak hartuko dute parte topaldi honetan. Oskar Alegriak zuzendutako Aritzakoa film laburra ere eskainiko dute. Jarduera guztiak Eskolondon izango dira eta edukiera mugatua izango denez, gonbidapena beharko da.
Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak Ea, H-a galdu zuen… erria jaialdia antolatu du asteburu honetarako Ean.
Larunbatean, hilak 22, emango diote hasiera topaketari Miren Agur Meaberekin. Idazle Lekeitiarrak Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena izeneko hitzaldia eskainiko du goizeko 12:00etan, Eskolondon. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Meaberen poetikaren deskribapena izango da. Virginia Woolfen obrari keinu eginez, sormenaren gela atontzeko bere modua azalduko du, hainbat urratsetan: gela bilatzetik hasi, eta kontratua, espazioaren banaketa, argiztapena, bentilazioa, altzariak, almazenajea, berokuntza eta osagarriak, estetika-irizpideak eta materialak barne”.
Egunarekin jarraitzeko, arratsaldeko 19:00etan Oskar Alegriak zuzendutako Aritzakoa film laburra eskainiko da, Eskolondon. Zinemagileak Ean bertan grabatu du ikus-entzunezko hau.
Jaialdiari amaiera emateko, igandean, hilak 23, Ines Osinaga musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak Olatu arteko txapela arraroa izeneko ekitaldia eskainiko dute goizeko 12:00etan, Eskolondon. “Sarrionandiaren berbek eta Osinagaren kantuek abiatuko dute ekitaldia”. Duela hamar urte iurretarrak Habanan sortutako poemak eta arrasatearrak Euskal Herrian kantu bihurtutakoak entzuteko aukera egongo da.
Jardueretan parte hartu nahi duenak gonbidapena beharko du, horretarako hemen eman beharko du izena.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian