Laukote usurbildarra metal zein rock erritmoetatik abiatuta, pop doinuetan murgildu da lan berriarekin.
Odolaren Mintzoa laukote usurbildarrak Hauskor izeneko disko berriarekin bueltan da. Hirugarren lan luzea dute, aurretik Odolaren mintzoa (Oihuka, 2013) eta Etsipenaren aurka (autoekoizpena, 2017) kaleratu zituzten. Azaldu dutenez, “Orain arte egindakoarekin hautsi baino, egin dugunaren gainean ausartzeko jauzia da”. Taldearen erritmo eta lelo zuzenak herentzian, berritasun musikal eta estetiko nabarmen bat proposatzen dute lan berri honekin. Ez dira alferrik igaro 13 urte taldea sortu zenetik, gaztea izanagatik ere ibilbide luzekoa da Odolaren Mintzoa.
Kontzertu andana bizkar gainean, pauso kualitatibo bat ematera datoz lan kontzeptual honekin. Diskoaren izenburua ezagutzera ematearekin batera, horren atzean dagoen metafora ere azaldu dute: “Lan honen eraikuntza prozesuan gure barne pitzaduretan, arrakaletan igerian ibili gara. Eta hona hemen emaitza, gure barne zein kanpo munduko zaurgarritasunez abesten duen kanta bilduma. Hauskorrak garela onartzea ez delako ahultasunaren adierazle, bidean zutik mantentzen garen seinale baizik”.
Diskoaren kontzeptua hauskortasunaren bueltan egituraturik dago, eta hitzek berebiziko garrantzia hartzen dute ideia horren proiekzioan. Letrek norbanako zein kolektibo bezala ditugun pitzadurak aztertu eta doinuen dantzan jaurtitzen dituzte: “bizibide itxia, edertasun eredua, gizontasuna, maitasun toxikoak, prekarietatea, etorkizunarekiko ditugun aurreikuspen idealizatuak… pertsonok eta gizarteak berak proiektatu nahi dugun isla perfektua zalantzan jartzen duten adierazleak”, azaldu dute.
Hauskor su txikian sortutako lana dela diote taldekideek. Andoaingo Garate estudioetan grabatu dute Kaki Arkarazoren gidaritzapean.
Proiektu berri honetan, Ixak Arruti gitarra jotzaileak(Mendeku Itxua, Izerberg, Neona, La Regadera…), Serge abeslariak (Eraso, Serge…) eta Kaki Arkarazko berak hartu dute parte.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian