Marikobaso jarri diote izena gune ireki honi eta autokudeaketa izango du oinarri.
Euskara, kultura, parte hartzea, feminismoa eta ekologismoa ardatz izango dituen espazio irekia zabaldu nahi dute Derioko hainbat elkartek, taldek eta norbanakok. Adierazi dutenez, “kultura kontsumitzeko eta bizitzeko gunea egin nahi dugu, tabernetatik harago, sormen gunea izatea nahi dugu, arte herrikoiaren bilgunea, pozik eta burujabeago izateko espazioa, hain zuzen ere”.
Marikobaso, berez, Derion dagoen auzo bat da, zati bat Zamudio dena. Egitasmo honen sustatzaileek adierazi dutenez, “baserria ere bada, eta kalea, eta abar. Eta, batez ere, ertza da. Mutilatutako auzoa da, Bilboko aireportua eta kanposantua eraikitzeko mutilatu zutena. Eta oraingoan erdigunera ekarri nahi dugu, Derioko erdigunera, baina ertzeko gure balioekin: euskara, kultura, parte hartzea, ez delegatzea, feminismoa, ekologismoa…”.
Autokudeaketa izango du oinarri, horretarako, herritarren sostengu ekonomiko eta soziala behar dutela nabarmendu dute eta diru bilketa abiatu dute Itsulapikoa plataformaren bidez. “Espazioa sendotzeko dirua behar dugu, espazioan jarriko ditugun azpiegituretarako (eszenatokia, argiak, …). Eta, horregatik, eskatzen dizugu ekarpena egiteko: hainbat ekarpen daude, guztiak garrantzitsuak eta ezinbestekoak guretzat. Ilusioz blai hasi dugu bidea eta bihotz-bihotzez eskertzen ditugu ekarpen guztiak, diruzkoak eta bestelakoak”, adierazi dute.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian