Dom Campistron marrazkilariak, Bilaka Kolektiboko dantzariek eta Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek hartuko dute parte. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu ahal izango dira.
Odei Barroso bertsolaria ari da Izpuran egingo den Bertso Eguneko emanaldi berezia antolatzeko lanetan, bere hitzetan, “denontzako ezagunak dira klitxeak, aurreiritziak eta aurrez eraikitako iruditegi eta usteen multzo hori. Leku batera iritsi aurretik lekua bera irudikatzen saiatu ohi gara, erran digutenarekin eta uste dugunarekin eraikitzen dugu irudia; lekuaren eta lekua osatzen duten pertsonen ustezko definizioa. Zenbateraino diren okerrak, zenbatetaraino zuzenak… denborak ez ezik esperientziak berak erranen digu. Esperientzia horietako batez gozatzeko aukera eskaini nahi du aurtengo Bertso Egunak”.
Martxoaren 26an izango da hitzordua, Faustin Bentaberri Gelan, 17:00etatik aurrera. Aimar Karrikak gidatuta, bertsotan arituko dira Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre bertsolariak. Ez dira, ordea, parte-hartzaile bakarrak izango: “Bertso jarduna ohikoa eta zentrala izango bada ere, ertz eta diziplina desberdinak ukituko dituen bertso saioa izango da: bertsoa, musika, dantza, marrazkia…”, iragarri du Barrosok: Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte.
Ez da Covid-19ari lotutako ziurtagiririk beharko
Duela zenbait aste Frantziar Estatuko agintariek iragarritakoaren arabera, martxoaren 14tik aurrera, antzokietan sartzeko ez da Covid-19ari lotutako ziurtagiririk beharko, eta honenbestez, ezta Bertso Eguneko emanaldian sartzeko ere.
Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian: 9 eurotan eskuratu ahal izango dira, eta Bertsozale Elkarteko bazkide ez diren lagunek 12 eurotan lortu ahal izango dituzte. 6 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte 6 eta 16 urte bitarteko gazteek.
Bestalde, goizean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen ohiko batzar nagusia egingo dute Bentaberri Gelan bertan. 11:00etatik 13:00etara izango da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian