Juan Kruz Igerabide, Eider Rodriguez, Itxaro Borda, Lander Garro, Irati Goikoetxea, Kirmen Uribe eta Alberto Ladron Aranaren lanek egin dute aurrera.
Iazko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, urtarrilaren erdian martxan jarri eta otsailaren 27ra arte zabalik egon dena. Lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten zazpi obrak ondokoak izan dira: Juan Kruz Igerabideren Doneaneko alaba; Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala; Itxaro Bordaren Euri zitalari esker; Lander Garroren Faith; Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko; Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza; eta Alberto Ladron Aranaren MEndekuaren hazia.
Lehenengo bozketa txandan Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eta Alberto Ladron Aranaren Mendekuaren hazia izan ziren lanik bozkatuenak, baina ez batak ez besteak ez zuen lehenengo txandan saridun izendatzeko behar den botoen % 30 lortu. “Egoera horretan, beraz, 111 Akademiaren arautegiaren arabera, boto gehien jaso duten bost obrak pasatu beharko genituzkeen bigarren bozketa txandara; hau da, aipatu ditugun biak eta boto gehien jaso zuten hurrengo hirurak. Baina Rodriguezen eta Ladron Aranaren lanen atzetik bost liburu genituen boto kopuru bera jasota; beraz, berdinketa hori apurtzerik ez genuenez, aurten zazpi lan pasatu ditugu bigarren bozketa txandara”, azaldu dute.
Gauzak horrela, 2021. urtean euskal literaturak utzitako uzta zabaletik zazpi horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo bozketa txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak. Martxoaren 27a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen % 40 bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2021eko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian