Bost urte hauetan kontzertu, festa, hitzaldi eta beste hainbat ekimen antolatu dituzte.
Jamaikako kultura eta musika sustatzeko asmoz, 2016 urtean Iruñerriko hainbat gazte bildu eta Iruñerria Jamaica Clash kolektiboa sortu zuten. Ordutik hona musika estilo horri lotutako hainbat kontzertu, festa, hitzaldi eta beste hainbat ekimen antolatu dituzte.
Bost urte hauetako ibilbidea gorabeheratsua izan dela aitortu dute sare sozialetan zabaldu duten ohar baten bidez, “ez da makala izan. Ibilbide hau gorabeheratsua izan da: lehenengo helburuak, pertsona desberdinak, tirabirak, buruhausteak eta edozein lekutan gertatzen direnak. Hala ere, aberasgarria izan da, dudarik gabe. Esperientzia politak izan ditugu. Pertsonak ezagutzeko, leku berriak topatzeko. Arima beteta eta ase dugula esan dezakegu, baina bizitza liburu bat den heinean, orrialde berriak idazteko premia sentitu dugu. Hasierako helburuak erdietsitzat ematen ditugu, eta beste proiektu edo ekintzen beharra daukagu”.
Kontatu dutenez, hasieratik sekulako harrera eta onespena sentitu dute inguruan, bai Iruñean eta baita beste hainbat txokotan ere. “Hasieran Akelarren egon ziren pertsona garrantzitsu askok jarraitzen dute gaur egun gure alboan. Jaso dezazuela gure besarkadarik politena. Bidai honetan zehar gure bizitzetan garrantzitsuak bihurtu diren asko topatu ditugu, eta benetan, gozada bat izan da zuekin topo egitea eta zuetaz disfrutatzea. Bejondeizuela”.
Akelarre kultur elkartearen garrantzia ere aipatu dute, izan ere “leku magikoa” izan da eurentzat, “ez dakigu zer daukan Akelarrek, baina urte askotarako xarma berezi hori izaten jarrai dezazuela, familia. Hau guztia hala bada ere, gurea sortu zenean Iruñea ez zen basamortu bat. Bazeuden proiektu interesgarriak. Ohorea eta aberastasuna izan da zuetaz jaso eta ikastea”.
Hitzordua jarri diote ibilbide honen amaierari: apirilaren 22an Alde Zaharreko Aitzina Tabernan. “Lekukoa hartu ta pasa, kultura bizi dadin”, amaitu dute.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian