Autoekoizpenaren bidetik jo du rap abeslariak oraingoan. Barrosok gaur emango du diskoaren aurkezpen kontzertua Urruñan.
2zio taldearekin Pausuz Pausu (2013), Bideak (2015) eta Orain eta hemen (2018) diskoak kaleratu ondoren, bakarkako bideari ekin dio Odei Barroso bertsolari eta rap abeslariak. Ibilbide berri horren emaitza dugu Terapia, gaur aurkeztu duen diskoa. Lan berri honek ez du orain arte plazaratutako lanen kutsurik. Izan ere, oraingoan rapa bai, baina bestelako doinuak ere gehitu dizkio diskoak biltzen dituen hamabost abestiei: trap edota drill erritmika. Hitzei dagokienez, gai unibertsalak, intimoagoak eta kritika soziala dira nagusi.
Rap abeslaria izatetik bere buruarentzako musika ekoizle izatera pasa da Urruñakoa eta berak eta Jo Olaskuagak osatzen duten Alkimia Prod-enak dira diskoan dauden musika ekoizpen guztiak. Sare sozialen bidez azaldu duenez, “lanketa berezia egin dugu soinu aldetik proposamen berri hau plazaratzeko. Instrumental, bisual, bideoklip… guztiak Alkimia Prod-ek sortuak dira”. Masterizazioa, berriz, Intelligence Audiok egin du eta Sebastian Roblinekin lan berezia eraman dutela nabarmendu du.
Abeslari lapurtarrak gaur emango du diskoaren aurkezpen kontzertua Urruñan, astelehenean, berriz, Iruñeko Laba kulturguneko oholtzara igoko da. Maiatzerako ere baditu hainbat zuzeneko lotuta Arrasaten, Donapaleun, Baionan, Oñatin eta Zarautzen,
Disko fisikoa internet bidez eta zuzenekoetan salduko dutela ere iragarri du Barrosok.
Zer nahi genuen kanta
Terapia diskoa kaleratzeaz gain, Zer nahi genuen kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu abeslariak gaur.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian