29 ekitaldi, 19 ikuskizun, 10 zinema-saio eta 20 dantza-antzerki-zirku konpainia izango dira, besteak beste, Kalefest jaialdian.
Maiatzaren 28tik urriaren 15era bitartean, Getxok euskarazko kultura aire zabalera aterako du Kalefest kaleko arteen jaialdiaren eskutik. Ekimenak mota anitzeko ia hogeita hamar ikuskizun eta ekintza hurbilduko dizkio publikoari. Batez ere gazteei zuzendua baina familiei ere irekia dagoen jaialdi hau joan den urteko aurrekontu parte-hartzaileetan jasotako eskaerei erantzuteko jarri du abian Udalak.
Kalefesten egitarauak doako sarrera duten 29 ikuskizun bilduko ditu eta herriko auzo guztietan banatutako hamar kokalekutan egingo dira. Horren bitartez euskarazko kulturari protagonismoa eman nahi diote antolatzaileek, askotariko ikuskizunak eskainita: dantza, antzerkia, zirkua, zinema eta diziplina anitzeko lanak.
Hala, Galeako labar ingurua, Algortako Portu Zaharra edo Txurruka moila, besteak beste, zinema-areto ireki bihurtuko dira Oreina, Erlauntza, Nora eta Errementari bezalako euskal filmak eskaintzeko. Dantzari dagokionez, Oinkari Dantza Taldeak eta Hika Teatroak elkarlanean sortutako Gazte, Asier Zabaletaren Dye Dye, Barsanti konpainiaren Legea gu gara, Akabo! edota Kale gorrian, Dikhotomiaren E.go, Markeliñeren Psike, Kukai Dantza Konpainiaren Topa, La Pez Konpainiaren Rotonda Circus ikuskizunak taularatuko dira.
LGTBI+ harrotasunaren asteburuan publikoari gogoeta egiten lagunduko dion Kimua Dantza Kolektiboaren GenEroa eta Hortzmuga Teatroaren Bidearen amaieran eskainiko dira, aldez aurretik Berdinkiren Mikra lanak eragindako gogoeten segidan.
Bestalde, ekainaren 19an, Muxikebarriko fatxadan Harrobia Dantza Bertikala konpainiak Geure ikuskizuna estreinatuko du.
Egitaraua, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian