Manex Agirrerekin iritsi zen buruz burukora Abarrategi eta Serapio Lopezek jantzi zion txapela. 450 lagun elkartu ziren Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.
Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean jokatu zen Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Bertan Manex Agirre, Oihane Perea, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa eta Paula Amilburu bertsolariak izan ziren lehian.
Arantxa Sobrino aurkezle eta Aintzane Irazusta gai-emaileren eskutik sei bertsolariek ariketa puntuagarriak bukatuta, Manex Agirre eta Peru Abarrategi pasatu ziren buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Abarrategi nagusitu zen eta beraz 2022ko Arabako txapelduna da.
Finaleko epaimahaia bost epailek osatu zuten: Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Manex Garaio eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Endika Jimenez aritu zen. Horrela puntuatu zituzten sei bertsolariak:
Peru Abarrategi Sarrionandia 608 puntu; Manex Agirre Arriolabengoa, 602,5 puntu; Oihane Perea Perez de Mendiola 413,5 puntu; Iñaki Viñaspre Simon, 410,5 puntu; Xabi Igoa Eriz, 402 puntu; eta Paula Amilburu Izargarai 384 puntu.
Serapio Lopezek jantzi zion txapela irabazleari. Arabako bertsolaritzan ibilbide luzea du egina Lopezek eta 1982an Arabako lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izan zen. Ordutik egundaino bertsolari, irakasle eta antolatzaile gisa aritu da. 2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bere ibilbidea eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian