1983an sortutako sariak euskal kulturaren alde egindako lan osoa aitortu nahi izan dio musikologoari.
Musika eta kultura arloetako ordezkaritza zabal batek eta euskal erakunde publikoek babesa eman diote Jon Bagües Erriondori. Musikologo, artxibozain eta dokumentalistak jaso du bere jaioterria den Errenterian Eusko Ikaskuntzaren 2021eko Manuel Lekuona Saria.
Etxepare Institutuko eta Epaimahai instituzionaleko bozeramaile Garbiñe Iztuetak Bagüesek euskal musika-ondareari egin dion ekarpena nabarmendu nahi izan du sari-emate ekitaldian, hainbat alderditatik eta lau hamarkada baino gehiagotan zehar: “euskal musika kontserbatu, berreskuratu, ikertu eta zabaltzea; lanean ari diren konpositoreei laguntzea; azterketa- eta interpretazio-erakundeak sortzea; Eresbil-Musikaren Euskal Artxibotik eta Errenteriako Musikaren Astearen antolakuntzan egindako lan emankorra ahaztu gabe”.
Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak, bere aldetik, Bagüesen hastapenak gogora ekarri nahi izan ditu, bai eta haren “aparteko gaitasunek” Jose Luis Ansorena Mirandaren arreta piztu zutela. Eresbil osatzen ari zen orduan, eta Bagües izango zen haren lehen artxibozain nagusia eta, ondoren, zuzendaria hogei urtez. Era berean, Urkizak azpimarratu du 1978an erakundea berrezarri zenetik, Eusko Ikaskuntzak Bagües bazkide aktibo eta konprometitu gisa edukitzeagatik izan duen pribilegioa.
Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren (Manuel Lekuona 2021 Saria), Bagüesek profesional gisa eta musika-artearen aktibista sutsu gisa egindako ibilbide oparoa goratzen duen saria eskertu nahi izan du. Amaitzeko, lau ideia nabarmendu ditu: “Euskal Herriko etorkizuneko ondarea eraikitzen dutenen sormen-lana arte guztietan; dokumentu-ondare analogikoa babesten jarraitzeko beharra; dokumentazioaren profesionalen zeregin garrantzitsua; eta gure ondare zabala herritarrei erakusteko eta hurbiltzeko ahalegina”. Ikus-entzuleen txaloekin batera, musika-munduko hainbat jenderen eta lagunen zorion eta afektu mezuak jaso dira bideo baten bidez.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian