Erdian erein izenpean, abestiak familiek azken berrogeita hamar urteetan zehar euskararen alde Nafarroan egindako lana omendu nahi du.
Tafallako Ikastolak urriaren 16rako prestatzen ari den Nafarroa Oinez festarako abestia aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Abestia ikastetxeko hainbat belaunalditako ikasle ohiek konposatu eta interpretatu dute, eta Nafarroa Oinez bezalako festa baten inguruan pilatzen diren oroitzapen, bizipen eta emozioak islatzen eta helarazten ditu.
Amaiur Esparzak (Rotten XIII, Odolkiak Ordainetan) letra idatzi eta melodia sortu ditu. Harekin batera, Maialen Ramirez eta Luana Agerri abeslariak aritu dira, Iñaki Hurtado perkusio-jotzailea eta Alaitz Lizarazu baxu-jotzailea. Halaber, Endika Irisoren lankidetza ikus daiteke (Rotten XIII taldeko abeslaria).
Abestiaren bideoklipari dagokionez, Mikel Urrizak sortu du eta grabaketan Tafallako Ikastolako komunitatearen zati handi batek parte hartu du. Bertan, modu metaforikoan, jende askoren laguntzari esker aurrera eramandako proiektu kolektiboa islatu nahi izan da, egon diren zailtasunak.
Duela hamar urte baino gehiago, Oinez Basoa landatu zen Tafallan eta Nafarroan euskararen erabilera eta presentzia normalizatuz joan da, eta hala, hazi eta zabaldu da Ikastolaren proiektua. Hori bai, oraindik ere lan handia dutela nabarmendu dute.
Horregatik, abestiaren izenburuak eta leloak, Erdian Erein, Erdialdean euskara ereiten jarraitzeko beharra gogorarazten dute. Tafallako Ikastolak berrogeita hamabi urte bete berri ditu, mende erdia baino gehiago euskararen alde borrokan; eta balantzea positiboa bada ere, argi dago oraindik asko dagoela egiteko. “Gure hizkuntzaren benetako normalizazio eta berdintasuna lortu behar dugu; horregatik Erdian Erein. Nekazariek jakin badakite: ezin diogu ereiteari utzi, urteko uzta oso ona izanik ere”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian