Urriaren 18ra arte bidali ahal izango dira proiektuak edota ikerlanak: bertsolaritza izan behar dute ikergai.
Azken urteotan Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez abiatutako elkarlanari jarraipena emango diote EHUko Mikel Laboa katedrak eta Bertsozale Elkarteak. Hala, bi erakundeek ikerketarako deialdia egin dute elkarrekin aurten, eta bi sari banatuko dituzte: Ikerketa Proiektu Sari bat eta GRAL Sari bat. Gaur ireki da bietara aurkezteko deialdia, eta interesa dutenek urriaren 18ra arteko epea izango dute izena emateko.
Azaldu dutenez, Ikerketa Proiektu Saria oraindik egin gabeko ikerketentzat izango da, hau da, “epaimahaiak jasotzen direnen artean ikerketa proposamen aproposena aukeratu eta hori urtebeteko epean gauzatzeko 2.500 euroko diru-laguntza jasoko du ikertzaileak”.
GRAL Saria, bestalde, jada amaituta eta defentsa egina duten Gradu Amaierako Lanentzat izango da: “2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan defentsa egina duten Gradu Amaierako Lanak onartuko dira. Lan aukeratuaren ikertzaileak 600 euroko saria eskuratuko du”.
Proiektu nahiz Gradu Amaierako Lanen kasuan, bertsolaritza izan behar da ikergai nagusia, baina, edozein jakintza alorretatik abiatuta: antropologia, robotika edota hizkuntzalaritza, besteak beste.
Informazio gehiago ondorengo loturetan: Ikerketa Proiektu Saria 2022 eta GRAL Saria 2022.
EHUko Mikel Laboa Katedrak ikerketa deialdi gehiago ere egiten ditu, Bertsozale Elkartearekin egin dituen hauetaz harago. Horien inguruko informazioa eskuratzeko katedraren webgunean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian