Zuzendari gasteiztarraren bigarren film luzea da Irati eta Eneko Sagardoy, Itziar Ituño eta Edurne Azkarate izango dira aktore nagusiak.
Sitgesko nazioarteko jaialdiaren sail ofizialean parte hartu ondoren helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara Paul Urkijo zinemagilearen Irati izeneko film luzea.
Lantaldeak kontatu duenez, filma Hego Euskal Herria eta Huescako hainbat lekutan grabatu dute eta Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komikia du oinarri. “Erronka garrantzitsua izan da taldearentzat, euskaraz filmatutako genero historiko-fantastikoko istorio bat baita, VIII. mendeko garai historiko ilunean girotua eta euskal mitologiako elementu magikoekin”.
Zuzendariak adierazi duenez, “Irati beti kontatu nahi izan dudan Erdi Aroko abenturazko film fantastikoa da. Liluratu egiten nau euskal mitologiak, eta Irati kondairen mundu ilun eta liluragarri horri egiten diodan omenaldi epikoa da. Landaren eta Muñozen El ciclo de Irati nobela grafikoko pertsonaietan modu askean inspiratu naiz, baita beste euskal kondaira eta gertakari historiko batzuetan ere, hala nola Orreagako guduan”.
Gerlari kristau eta musulman talde bat Pirinio paganoko baso ezkutuetan murgilduko da, Orreagako guduan Karlomagnok galdu zuen altxor bikaina berreskuratzen saiatzeko asmoz. Altxorra leize sakon batean dago, Mari jainkosa bizi da bertan. Eneko Aritza izeneko gazte noble batek zuzenduko du gerlari taldea eta Irati bertako emakume gazte misteriotsu batek gidatuko ditu. Hala, izaki mitologikoz beteriko mundu ilun batean murgilduko dira non “izena duen guztia existitzen den”.
Sagardoy, Ituño eta Azkarate aktoreez gain, Ramon Agirre, Iñigo Aranbarrik, Kepa Errastik, Elena Urizek, Nagore Aranburuk eta Iñaki Beraetxek osatzen dute aktoreen zerrenda.
Erremenetari, Urkijoren lehen film luzearekin bezala, Ikusgarri Films etxea arduratuko da ekoizpenaz, Bainet eta Kilima Mediarekin batera.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian