Proiekzio guztiak “mimo handiz” prestatu dituzten arren, antolakuntzak bi film nabarmendu ditu aurtengo edizioan: Pablo Gonzalez kazetariaren Vivir la guerra eta Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? dokumentala.
Hamalaugarren edizioa du aurten, ostegunean, hilak 15, abiatuko den Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Horretarako, urtero bezala, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko dokumental eta pelikula zerrenda bat osatu dute. Antolatzaileek ia gau guztietan filmak eskaintzeko asmoa dute, irailaren 25era arte, Zinemaldi ofiziala baino egun bat lehenago hasi eta egun bat beranduago amaituz. Kalean, hiriko gaztetxeetan eta aurten lehen aldiz, EHUko Arkitektura Fakultatean izango dira proiekzioak. “Azken hau berrikuntza nabarmena da gurean: Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua abiatu du. Plan Orokorra oinarrizko tresna da hiriaren erabateko antolamendua aurrera eramateko. Eragin nabarmena izango du naturguneetan eta hiriguneak dituen gune libre, eraikin eta bideetan, izan publiko zein pribatu, eta beraz, eragin zuzena du Donostiako ekonomian, gizartean eta ingurumenean”, azaldu dute.
Plan Orokorrak hiri-eredu jakinen ispilu direla nabarmendu du antolakuntzak, eta “dagoeneko abian den prozesua hiri bezala zer behar dugun pentsatzeko aukera paregabea da. Gutxi batzuen negozioa beharrean, herritarron bizitza babestuko duen hiria elkarrekin hausnartzeko aukera paregabea, azken batean”.
Zinemaldi Alternatiboak gogoeta hori sustatzeko bitartekoa izan nahi du, eta aurtengo egitaraua asmo horretara bideratuko da parte batean. “Arkitektura eskolan, zein beste plaza batzuetan (Añorgan eta Trinitate enparantzan, besteak beste), hiri-ereduari eta hiri-gatazkei buruzko ikus-entzunezkoak proiektatuko ditugu”. Proiekzioaren ondoren, ikusitakoarekin nahiz HAPOrekin lotura duten gaietan dabiltzan lagunekin solasaldiak izango dira.
Proiekzio guztiak “mimo handiz” prestatu dituztela adierazi dute, baina egitarau osotik pare bat film nabarmendu nahi izan dituzte: “Polonian atxilo duten Pablo Gonzalez kazetariaren askatasuna eskatzeko baliatuko dugun bere Vivir la guerra, bere emazte Oihana Goiriena gurekin izango da, eta Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? dokumentala.
Zinemaldi Alternatiboko kideak gainera, berrikuntzekin datoz oraingoan, izan ere, maiatzean crowdfunding bat jarri zuten martxan pantaila eta proiektore berri bat erosteko. Emaitza edizio honetan ikusiko dela diote, eta ziur daude “aurten oraindik eta gehiago gozatuko dugula zinemaz kalean, non eta herritarrok kaletik bota nahi gaituztela diruen Donostia honetan. Zinema kalera ateratzea estrategikoki erabaki genuenetik, geroz eta auzo gehiagotara heltzen ari gara, eta honako lekuetan izango dira emanaldiak: EHUko Arkitektura eskolan bi, Añorgako frontoian, Alde Zaharreko Trinian, Antiguako Txantxarreka Gaztetxean, Grosen Sagueseko frontoian, lntxaurrondoko Letaman gaztetxean eta Egiako Gladys Enean prestatu ditugu proiekzioak”.

You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian