Bilboko musikariari buruzko Berpiztu dokumentalaren proiekzioaren aurretik, 70. Donostiako Zinemaldiaren EITB Galan emango diote saria.
Kepa Junkera (Bilbo, 1965) musikariak 2020ko Adarra Saria jasoko du irailaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, 19:30ean. 70. Donostiako Zinemaldiaren EITB Galaren baitan, musikari bilbotarrari buruz Fermin Aiok zuzendu duen Berpiztu dokumentalaren proiekzioaren aurretik izango da sari banaketa; artistaren osasun arrazoiak zirela medio, Donostia Kulturak ezin izan baitzion Junkerari 2020an eman urtero musikaren alorrean ematen duen Adarra Saria.
Juan Gonzalez Andres kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak osatutako sariaren Aholku Batzordeak honako argudioak aipatu zituen 2020an, besteak beste, sariaren berri ematerakoan: Junkerak bere disko-produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez Euskal Musikari egin dion ekarpen handia; haren zuzeneko emanaldi askotariko eta sarriak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin; ibilbide osoan indarrean jardun izana; erakutsitako jakin-mina eta musika-adimena, zeinei esker era askotako inguruabar eta arte-giroetara egokitzen jakin baitu; nazioartean duen proiekzioa eta Euskal Musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; haren ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana.
Junkerak jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da. Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian