Aurten, 3.000 euro gordineko diru-laguntza bat esleituko da. Diru-laguntza jasotzeko, ezinbestekoa da unibertsitate-ikasketetan tituluduna izatea.
Bertsozale Elkarteak eta Euskaltzaindiak deialdi berria egin dute Mintzola egitasmoaren eskutik: bertsolaritza hizkuntzalaritzaren ikuspegitik ikertuko duten lanen proiektuak saritzeko deialdia. Hain zuzen, bertsolaritza hizkuntzalaritzaren ikuspegitik aztertuko duten ikerketa lanak sustatzea da Akademiak eta Elkarteak duten xedeetako bat, eta helburu horri eusten dio deialdi berriak.
Azaldu dutenez, “ikertzaile gaztea edo hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hain zuzen ere, bide horretan laguntzea eta bertsolaritza eta hizkuntzalaritza ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua”.
Deialdi honetan, master-amaierako lanen eta ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko direla nabarmendu dute, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin.
Prozedura
Aurten, 3.000 euro gordineko diru-laguntza bat esleituko da; deialdira aurkeztu daitezkeen lanak 2022-2023 ikasturtean defendatuko dira; diru-laguntza jasotzeko, ezinbestekoa da unibertsitate-ikasketetan tituluduna izatea; saritutako proiektuari dagokion ikerketa lana gauzatutakoan, Euskaltzaindiak edo Bertsozale Elkarteak ikerketa lan hori argitaratzeko eskubidea edukiko dute, idazlanaren pasarte bat izan edo idazlan osoa izan; eta saritutako proiektua gauzatutakoan, Azkue Biblioteka eta Artxiboan eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan artxibatuko da.
Eskaerak eta dokumentazio guztia PDF formatuan eta e-postaz bidali beharko dira azaroaren 18ra arte, honako helbide elektronikoetara: mintzola@euskaltzaindia.eus eta ikerkuntza@bertsozale.eus.
Abenduaren 16an hautatuen izenak eta ordezkoen zerrenda argitaratuko dituzte eta ekainaren 15era arte egongo da proiektuaren araberako ikerketa-lana entregatzeko aukera. Euskaltzaindiaren atarian eta Bertsozale Elkarteko atarian argitaratuko da deialdiari buruzko informazioa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian