Talde hasiberriak ibilbide luzeko taldeekin tartekatuko dira abenduaren 7tik 11ra. Aniztasun handia egongo bada ere, pop-rock doinuak izango dira nagusi.
Durangoko Azokako Ahotsenea guneak 15 urte beteko ditu aurten, eta ospakizun berezi honetarako bost eguneko musika-maratoia antolatu dute. Guztira 47 talde eta bakarlari igoko dira bertako oholtzara euren azken lanak aurkeztera, goizeko 11:00etatik 22:00ak arte, etenaldirik gabe. Azken urteetan bezalaxe, zuzenekoak Plateruenan antolatuko dira, eta kulturzaleek Euskal Herrian sortutako azken musika-nobedadeak ezagutu ahal izango dituzte. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte, eta ez da beharrezkoa izango izena ematea aldez aurretik.
Urtero bezala, aniztasuna izango da nagusi Ahotseneako egitarauan. Goxua N’Salsa, Neomak, Agur, Janus Lester, Keia, Irtera edota Mirua talde hasiberriek eszenatokia partekatuko dute Delirium Tremens, Willis Drummond edota Kokein bezalako ibilbide luzeko bandekin.
Musika-estilo ugari tartekatuko badira ere, zalantzarik gabe rock eta pop doinuak izango dira nagusi. Horren adibide dira Maraca Diablo, Zakill, Sua, Piztiak, Hibai, Kurkuma, Saia Goait, Ezpalak, Pasadena, Assata, Asla, Kyxo, Rukula, Rodeo, Dukkha, Fufu, Mice, Txost!, Orbel, Burutik, Kristonak edota Mairu taldeak. Baina ez da musika estilo bakarra izango, pop elektronikoa ere presente egongo da Merina Gris eta Lumi taldeekin; Bengok eta Odeik hip-hopa ekarriko dute Ahotseneara; Bolbora eta Sutan taldeek ska-reggaea landuko dute; Mugan taldeak folka; Arima Soul taldeak jazza eta soula…
Urtero bezala, bakarlariak ere izango dira Azokan. Euren lan berriak aurkeztuko dituzte Ahotsenean Olaia Inziartek, Ilargik, Peru Galbetek, Esti Markezek eta Watsonek. Ines Osinaga musikariak ere bere proiektu berria aurkeztuko du eta Bilaka kolektiboak dantza eta musika uztartuko ditu emanaldi oso bereziarekin. Kontzertu hauek guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunean.
Musikaz gain, Durangoko Azokak kultur diziplina askotariko egitaraua lantzen ari da, Azokako gainontzeko guneetan (Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Talaia eta Saguganbara). Ahotsenea Solasaldietan ere hainbat sortzailek euren lanak aurkeztuko dituzte (literatura lanak, komikiak, poesia liburuak…) hitzaldi formatuan. Egitarau osoa azaro amaieran iragarriko dute.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian