Euskal Herriko herri eta auzoetan barna ibiliko da Euskaraldiko furgoneta, ariketari buruzko informazioa eta prestakuntza eskainiko ditu; horrez gain, denda eta askotariko ekintzak hartuko ditu bere baitan.
Euskaraldia hasteko hilabete eskas falta da eta jada nabari da ariketaren presentzia Euskal Herriko herri eta auzoetan. Horren adibide da herriz herri dabilen Euskaraldiaren gune ibiltaria. Irailaren 17an ekin zion bideari furgonetak, eta ordutik hona, Orio, Portugalete, Gasteiz, Sopela, Ziburu, Altsasu, Lizarra eta beste hainbat herri bisitatu ditu. Gunearen helburua bikoitza da: batetik, Euskaraldia badatorrela jakinarazi nahi dute bertatik bertara, ariketaren inguruko informazioa eman eta izen-emateak bilduta. Eta, bestetik, Euskaraldia modu sakon eta erosoan egiteko prestakuntzak duen garrantzia zabaldu nahi dute, aholkuak eta bestelako pilulak emanez.
Hala, bertaratzen direnek informazio eta prestakuntzaz gain, denda ere topatuko dute. Kamisetak, poltsak, jertseak… probatzeko aukera izango dute, https://denda.euskaraldia.eus/ webgunean ere eskuragarri daudenak; eta bertan egongo dira Euskaraldiko banderatxoak ere salgai. Antolatzaileen esanetan, “ariketari ikusgarritasuna ematea oso garrantzitsua baita ingurune abegikorrak sortu eta ariketa eroso egiteko”.
Bestelako ekitaldiak herriz herri
Gune ibiltaria euren herrietan hartzeaz gain, bestelako hamaika ekintza antolatu dituzte herrietako batzordeek furgonetaren bueltan. Horren adibide da Ermua, gune ibiltaria han zela aitzakia hartuta, atzo jolasak eta bestelako ekintzak antolatu zituzten.
Hurrengo geldialdiak izango dira:
- Urriak 22: Getxo eta Santurtzi
- Urriak 23: Trapagaran
- Urriak 26: Soraluze
- Urriak 27: Oñati
- Urriak 28: Elizondo eta Hondarribia
- Urriak 29: Donibane Garazi
- Urriak 30: Arbona
- Urriak 31: Gernika
![]()
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian