Zientzia-fikziozko lan bat da, nobela beltzaren ukitua ere baduena, umorez gainezka egiten duena eta keinu ugari egiten dituena: politikari, zinemari edota komikiari.
Mikel Alvarez Sarriegik irabazi zuen iaz Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtero antolatzen duen Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Guztira, 20 proiektu aurkeztu ziren lehiaketara eta Alvarezek aurkeztutako proiektua saritzea erabaki zuen orduan, Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak.
Idazleak azaldu duenez, Euskalia “zientzia-fikziozko lan bat da, nobela beltzaren ukitua ere baduena, umorez gainezka egiten duena eta keinu ugari egiten dituena politikari, zinemari edota komikiari”. Hango eta hemengo film, telesail eta komiki kuttunei egiten die keinu egileak.
Argumentuaren abiapuntua: “XXIII. mendean aurkikuntza harrigarri batzuei esker, euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu dira, eta Euskalia deitu diote Galaxiarteko Erresuma horri.
Bertan, gehienek bizitza zoriontsua daramate, euskara da hizkuntza hegemonikoa, ez da inposatutako hizkuntza bat baizik eta prestigiotsua. Hala ere, denak ez daude pozik, hala nola kultura espainiarraren berreskurapenaren alde ari diren Izar eta Ugutz. Garai bateko espainiar kultura eta hizkuntzaren gailentasuna berreskuratu nahiko lukete hauek, eta hori lortzeko estrategia pentsatu dute: atzera egin eta XXI. mende hasierara bidaiatu, iraultza handia abiatu zen unera, eta hura posible egin zuten gertakariak zapuztu”.
Mikel Alvarez Sarriegi 1982an jaio zen Beasainen. Soziologian lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ikus-entzunezkoetan Mondragon Unibertsitatean. Goierri Irrati-Telebistan lan egin izan du hainbat urtez kazetari gisa eta bestelako jardueretan, eta gaur egun Bira Produkzioak-en dabil, ikus-entzunezkoak sortzen. Altsasu telesaileko gidoilarietako bat izan da, eta Katihotsak elkarteko kide gisa haien filmetan ere parte hartu du.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian