Idazlan “ez hain ezagunak” jaso dira Henrike Knörr (1948-2008) Idazlan hautatuak. Textos escogidos liburuan. Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain osoak paratu du argitalpena, Garikoitz Knörren laguntzaz.
Henrike Knörr euskaltzain gasteiztarra jaio zeneko 75. urteurrenean, Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak euskaltzain osoari gorazarre egin nahi izan diote Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan.
Omenaldiak denetarik izan du. Batetik, euskaltzain arabarrari eginiko gorazarrea bera, eta bestetik, Onomastika gaiak ardatz hartuta, Akademiak antolatutako mintegi labur eta trinkoa. Euskaltzaindiak gogoratu duenez, “Knörrek bereziki gogokoa izan zuen Onomastika eremua bere jarduera akademikoan”. Jardunaldi horretan, ondokoek parte hartu dute: Ana Boullon Toponomasticon Hispaniae proiektuko koordinatzaileak, Patxi Salaberri euskaltzain oso eta ToponHisp proiektuko Euskal Herriko lantaldearen ikertzaileak, eta Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak.
Horrez gain, euskaltzainaren 67 idazlan “ez hain ezagunak” biltzen dituen liburua aurkeztu da ekitaldiaren barruan. Henrike Knörr (1948-2008) Idazlan hautatuak. Argitalpena Roberto Gonzalez de Viñasprek paratu du, Garikoitz Knörren laguntzaz. “Idazlanen hautapenean erabilitako irizpide nagusia izan da albo batean uztea Internet bidez aise eskura daitezkeenak. Horien ordez, urteetan aldizkari eta egunkari askotxotan eta, oro har, zabalkunde laburreko argitalpenetan, Knörrek idatzitako artikuluak jaso dira. Era honetan, mamitsuak eta interesgarriak diren idazlanak errazago jarri dira egungo irakurleen eskura, egilearen ekarriaren ikuspegi osatuagoa izan dadin”, adierazi du Gonzalez de Viñasprek. Artikuluetan gai ugari jorratzen dira, baina, batez ere, Onomastika kontuak, euskararen historia eta euskarazko testu zaharren azalpenak. Liburuaren osagarri, Knörr-Santiago familiak utzitako hainbat argazki bildu dira.
Azkenik, EHUk 2021eko Henrike Knörr bekaren emaitzak agertu ditu, eta, bide batez, 2022ko deialdia egin da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian