Arratsaldeko 17:00etan antolatzaileek gaia proposatuko dute Elorrioko Arriola antzokian, eta 24 orduren buruan, parte hartzaileek sortutako film laburrak antzokian bertan aurkeztu beharko dituzte.
Multimedia eta ikus-entzunezkoak gustuko dutenei beste aukera bat emateko asmoz, 24 Ordu Digitalean izeneko formula berria jarri zuen abian Elorrioko Arriola antzokiak duela hamasei urte. Lehiaketa honetan lanak 24 orduren buruan sortu behar dira: oinarri zehatz batzuetatik abiatutako istorioa asmatu, grabatu, editatu eta esportatu. Esaldi, objektu eta gai zehatz bat agertu beharko dira lanean, baina lehiaketa hasten den momentuan jakingo da zeintzuk izango diren; abenduaren 2an arratsaldeko 17:00etan Arriola Antzokian, alegia”.
Eskatutako denboran talde bakoitzak bere burua nahierara antolatu beharko du produktua bukatu eta entregatzeko beharrezkoak diren eginbehar artistiko zein tekniko guztiak estaltzeko.
Lana 24 orduren ostean aurkeztu beharko da, eta, egun horretan, zapatuan, 20:00etan, film laburren emanaldia eskainiko da. Ondoren, sariak banatuko dira: 700 eurokoa da sari nagusia eta 500 euroko bi sari egongo dira beste bi finalistentzat.
Parte-hartzeari lotuta, aurreikuspen onak dituztela azaldu du Karlos Gomez lehiaketaren arduradunak: “Parte-hartzea beti izan da ona. Hasiera batean Euskal Herriko txoko guztietatik etortzen ziren partaideak, eta gaur egun ere horrela da; baina gehienak Durangaldekoak dira. Esan behar da, gainera, Elorrixotik geroz eta talde gehiago animatzen ari direla”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian