Aurrekoetan bezala, Elena Martínez de Madina ikertzaile eta euskaltzain urgazleak atondu du argitalpena.
Euskaltzaindiak Gasteizko Toponimia VIII. Dibiña I argitalpena aurkeztu du gaur, Gasteizen bertan. Prentsaurrekoa Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzan egin da (Etxezarra eraikina) eta bertan izan dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria, eta Elena Martinez de Madina ikertzaile, euskaltzain urgazle eta ikerlanaren egilea.
Martinez de Madinak eginiko ikerlanak urteetako peskizak biltzen ditu. Honela, ikertzaileak Gasteizko udalerri osoko toponimia aztertu du azken urteotan, hots, hiria bera eta 64 herri. Gaur, lan erraldoi horren zortzigarren ahalegina aurkeztu da. Esan bezala, egitasmo zabal eta zorrotz honetan, hiriburuaz gain, Gasteizko beste 64 herriak ere sartzen dira: Malizaeza, Ubarrundia eta Langraiz merindadeetako lanak argitaratu ziren beste sasoi batean (4 liburuki); jarraian, Arratzua deritzonaren aldia iritsi zen (hiru liburukitan banatu zen ikerketaren emaitza), eta gaur Dibiñari dagokion lehenengoko CDa agertu da (bigarrena aurrerago agertuko da). “Argitalpen hau, Dibiña I, merindadearen azterketaren lehen zatiari dagokio eta Abetxuku, Andetxa, Arangiz, Foronda, Lopida, Mendiguren eta Ihurre herrietako toponimia biltzen du. Aurrerago Dibiña II osatuko dugu”, azaldu du Martinez de Madinak.
Euskaltzaindiaren egitasmo honen datu-baseak 400.000 sarrera toponimiko ditu. “Dibiña I lanerako toponimiaren ikerketa 27.000 sarrera inguruko corpus batean oinarriturik egin da, eta, liburu honetan, gutxi gorabehera, 10.200 dokumentu-lekukotasun eta 1.106 sarrera toponimiko aurkeztu dira, hurrenkera egokian sailkatuak”, gaineratu du ikertzaile arabarrak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian