Bilborock aretoan izango da obraren azken emanaldia, urtarrilaren 13an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.
Ekida arte ekimen sozialistak 2021eko maiatzaren 7an estreinatu zuen Agirretarren Bandera antzezlana, Azpeitiko Soreasu antzokian eta Euskal Herriko herri ugaritako areto eta plazetan emanaldiak eskaini ostean amaiera emango dio birari ostiral honetan. Bilboko Bilborock aretoan izango da antzezlanaren azken emanaldia, urtarrilaren 13an, 19:00etan. Sarrera doakoa eta librea izango da edukiera bete arte.
Ekidak azaldu duenez, “Agirretarrak edonortarrak dira, gure garaiko jendea. Eugenio Agirre Alvarezen alabak eta bilobak, bost kideko langile-familia bat. Eugenio hil egin da eta bere bilobei oinordetzan utzi die leku bat munduan: bere apartamentua. Hara joango dira gazteak bizitzera. Apartamentu horretan osatuko dira hiru gazteren kezka prekarioak eta ametsak, beste apartamentu batean gorpuztuko dira hutsuneak eta bi amaren ametsak. Baina egonkorra zirudienak ez du irauten. Zer hautatu dezakete? Norentzat dira dauzkaten ametsak? Gure garaiari buruzko antzezlana da Agirretarren Bandera, porrotaren eta krisiaren garaia oholtzara eramana”.
Ekidak arte sozialistaren garapenerako baliabideak antolatzea du helburu, alderdi guztietan: lan artistikoa, lan teknikoak eta azpiegiturazkoak, formakuntzazkoak eta beste hainbat. Bide horretan, Agirretarren Bandera aurrerapausoa izan dela diote. “Parte hartu duten aktore, gidoigile, musikari eta teknikarien lan militanteak atera du aurrera antzezlana, artea denen eskura eta borondate politiko baten mesedetan antolatzeko konpromisoari helduz”, adierazi dute.
Azpeitia, Urretxu, Atarrabia, Zarautz, Baigorri, Idiazabal, Legutio, Bergara, Pasai Donibane, Gasteiz, Durango eta Donostiako emanaldietan guztira milaka lagunen aurrean erakutsitako antzezlanaren azken emanaldia izango da Bilbokoa. Aurreko emanaldietan bezala, Eñaut Zubizarreta Trigger txelo jotzaileak zuzeneko musika jarriko dio obrari.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian