Martxoaren 6tik apirilaren 5era arte, herriz-herri ibiliko da euskarazko film laburren zirkuitua.
Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, 20 urte beteko ditu Euskal Herriko aretoak euskal filmez betetzen. “Edizio berri honetan ere, hasiberriak eta profesionalizaziorako bidean dauden zuzendarien lanak ahalik eta toki gehienetara heltzeko helburua dugu”, azaldu dute Euskaltzaleen Topaguneko kideek.
Apirilaren 5era arte, herriz-herri ibiliko da euskarazko film laburren zirkuitu hau. Denetara zazpi film laburrek osotutako ordubete inguruko proiekzioa izango da aurten.
Honakoak dira XX. edizio honetan ikusgai izango diren film laburrak:
Muskil: Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi diren agure bikotea dira. Ixabelek baserriko lanak egiten pasatzen ditu egunak, Pedrok, berriz, tabernan. Ixabeli gero eta gehiago kostatzen zaio bizimodu horrekin jarraitzea eta, gainera, Pedroren tratu txarrak jasan behar ditu. Egun batean, Luisa, maistra berri gaztea, ondoko baserrira etortzen da bizitzera. Ixabel eta Luisaren arteko harremana estutzen doan heinean, Pedroren tratu txarrak gora egingo dute…
Olatuen isiltasuna: Urtero urtero Lekeitioko kaleetatik ibilbide berdina egiten du protagonistak zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin. Lan honekin, filmaren zuzendari Maria Bartolomek, Erik Camposek eta Fernando Martinek, 2022. edizioko Kameratoia, ikus-entzunezkoen rallya irabazi zuten.
Irrits: Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.
Koadro goriari heldu: Herminia, 91 urteko andre bakartia, egoitza batean bizi da. Ez du inorekin harremanik, zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte.
Erlojupekoa: Astronautaz jantzitako rider bati enkargu bat jasotzeko mezua iritsiko zaio. Paketea motxilan, riderrak esleitutako misioari ekingo dio bideo-joko baten pertsonaia balitz bezala ibilbidean topatuko dituen oztopoak ahal bezala saihestuz. Lortuko al du bere misioa betetzea erlojupekoa amaitu baino lehen?
Hitzak: 1966, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro izeneko herrixkan, lau neska gaztek lurperaturik diren hitzak atzemango dituzte. Michellek, 21 urteko gazteak, ez ditu ulertuko. Familian aspaldian galdu zuten hizkuntzan idatziak dira.
Asko falta da?: Neska gazte bat asteburu pasa joango da lagun talde berri batekin. Egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian